Joseba Albizu: "Itzuli honi begira pasatzen dut urte osoa"

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2015ko uzt. 22a, 12:51

Mendiko bizikletako IronBike itzulia jokatuko du Joseba Albizuk datozen egunetan, Italian. Larunbatean hasiko da itzulia eta zazpi etapa izango ditu. Aurtengoa Albizuk parte hartzen zuen hirugarren urtea da eta inoiz baino sasoi hobeagoan dagoela dio. Hala ere dio, itzuli hau oso garrantzitsua dela berarentzat, urte osoa pasatzen baitu itzuli honi begira.

Mendiko bizikletako IronBike itzulia jokatuko du Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak, larubatean hasita, Italian. Itzuliak zazpi etapa ditu; uztailaren 25ean hasi, eta abuztuaren 1ean bukatuko da. Itzuliaren 22. edizioa da aurtengoa, eta hirugarren aldiz izango da Albizu IronBiken: lehen urtean, 2013an, laugarren postuan bukatu zuen; joan den urtean, berriz, bigarrena izan zen. Izena eman duten kirolari guztien izenak eskuragarri ez badaude ere, 120 txirrindulari inguruk parte hartzen dute proban. Aurtengoan han izango da Milton Ramos nikaraguarra, joan den urteko irabazlea. Ramses Bekkenek, Herbehereetako Erresumako mendiko bizikletako maratoietako tapelduna, ere IronBiken izango da edizio honetan.

Aste honetan hasiko da IronBike itzulia. Nola sentitzen zara?

Inoiz baino sasoi hobeagoan nago. Gainera, bi urteko esperientzia dut. Ibilbidea ondo ezagutzen dut, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Izan ere, aldaketa batzuk tarteko antzekoa izaten da beti egin beharreko bidea.

Aurkariei bildurrik badiezu?

Beldurra ez, bate ere ez; errespetua diet aurkariei. Milton Ramos arriskutsua izan daiteke, oso trebea da jaitsieratan. Nik aldapan gora atera diezaiokedan tartea beherantz kentzeko edo handitzeko gai da Ramos. Joan den urtean ere bion artean egon zen lehia, eta susmoa dut ez ote den gauza bera gertatuko. Hala ere, oraindik ez dakit ziur nor gehiago aurkituko dudan han, eta ikusi egin beharko da. Besteren bat borroka horretan sartzea ona litzateke niretzat; horrela, nirekin itsutu beharrean, joko gehiago emango luke probak.

Nola ari zara prestatzen itzulia?

Ez dut ezer berezia egin itzulia prestatzeko. Mendian eta errepidean ari naiz entrenatzen, eta asteburuetan ari naiz klasika eta lasterketa batzuetan parte hartzen, gorputza pixka bat doitzeko. Esate baterako, Andorran izan nintzen korritzen. Esfortzu luzea eta iraunkorra egin beharko dut han, eta horregatik jokatzen ditut bestelako lasterketak.

Zuretzako garrantzitsua da lasterketa hau.

Bai, honi begira pasatzen dut urte osoa. Jokatu ditudan proba ia guztiak IronBike prestatzeko izan dira. Asko gustatu zitzaidan proba egin nuen lehen aldian. Nire trebeziekin bat dator: lasterketa luzeak, malda handiak eta etapa asko. Niretzako egokia da. Proba beraren gogortasunaz gain, beste faktore batzuk sartzen dira; ziklistak errekuperatzeko duen gaitasuna edo gaitasun psikologikoa, esate baterako.

Nolakoak dira etapak?

Etapa bakoitzak 100 kilometro inguru ditu, eta 4.000 eta 5.000 arteko malda. Aldapak luzeak izan ohi dira, kilometro askokoak. Leku guztietatik pasatzen da ibilbidea: mendia, herria, errepidea, bide-aitxurrak, trekking-eko bideak, ibaiak... Bide batzuk arriskutsuak dira; horregatik, behartuta gaude txistua, manta berotzailea eta mugikorra eramatera. Elikopteroa ere han inguruan ibiltzen da. Hain zuzen, zati batzuk egin izan ditugu elikopteroan edo telesillatan.

Abentura bat dela ematen du.

Bai, asko gustatzen zait. Nire oporrak dira horiek. Lehiatu eta disfrutatu egiten dut itzuli honekin. Gehien bat gustukoa dut txirrindulari guztiak baldintze beretan gaudelako: gauza berak jaten ditugu eta leku berean egiten dugu guztiok lo.