Unai Iparragirrek hirugarren postua lortu du Txinako Itzulia IIko sailkapen nagusian

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2013ko ira. 30a, 20:17
Unai Iparragirre (eskubitik aurrena) 'Txipa' Txinako Itzulia II-ko azken podiumean.

Unai Iparragirre Txipa-k (Euskadi Fundazioa) hirugarren postua erdietsi du Txinako Itzulia II lasterketan, gaur (astelehena) Pekinen jokatutako etapan hirugarren helmugaratu ondoren. Itzuliko azken lasterketa esprintean amaitu da; azpeitiarraren aurretik sartu dira Thomas Rogers (Baku Cycling Project) eta Benjamin Giraud (La Pomme Marseille). Sailkapen nagusian, Iparragirreri hogei segundo atera dizkio lehenak, Alois Kakovsky-k (ASC Dukla Praha); hamar segundo, berriz, bigarrenak, Daniel Klemme-k (Leopard Trek).

Iparragirreren taldeak, Euskadi Fundazioak, taldekako sailkapena ere irabazi du itzulian, zerrendako lehen hogei postuetan bi txirrindulari sartuta. Taldeko sei euskal txirrindulariek hamalau etapa jokatu dituzte 25 egunez Asian, Txinako Itzulia I eta Txinako Itzulia II lasterketetan.

Azpeitiarra oso gustura dago eginiko lanarekin. Txirrindulariaren aburuz, erakutsi du profesional mailako aurkariei "kontra egiteko" gai dela. Hala ere, etorkizuna lausoa da Txiparentzat zein haren taldekideentzat: Euskadi Fundazioa desagertzeko zorian dela, fundazioko hamar kirolariak kolokan daude. "Guztiok mirari baten zain gaude", adierazi du Iparragirrek.