Unai Iparragirre nagusi Gipuzkoako Pista Sarian

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2012ko abe. 28a, 16:17

Bederatzi jardunaldietatik zazpi jokatu direnean, azpeitiarrak 99 puntuko aldea ateratzen dio bigarrenari, Unai Tolosari (Fullgas), eta 137 puntukoa hirugarrenari, Igor Arrutiri (Andoaingo).

Unai Iparragirre (Hyundai Oarso Car), Txipa, da lider Gipuzkoako Pista Sarian, bi jardunaldiren faltan. Bederatzi jardunaldietatik zazpi jokatu direnean, azpeitiarrak 99 puntuko aldea ateratzen dio bigarrenari, Unai Tolosari (Fullgas), eta 137 puntukoa hirugarrenari, Igor Arrutiri (Andoaingo).

Azaroaren 11an hasi zen Gipuzkoako Pista Saria eta urtarrilaren 6an amaituko da. Bi hilabete hauetan txirrindulari profesionalek ere hartu dute parte lehiaketan; besteak beste, Leire Olaberriak (Fullgas), Koldo Fernandez de Larreak (Garmin), Enrique Sanzek (Movistar), Illart Zuazubizkarrek (Orbea) edo Asier Maeztu medaila olinpikoak.

Iparragirrek diziplina eta nagusitasuna erakutsi du astez aste eta bi jardunaldiren faltan, jada erdietsi du 2012-2013ko Gipuzkoako Pista Sariko garaipena. Datorren igandean, abenduaren 30ean, 11:30etan jokatuko da zortzigarren jardunaldia Donostiako Antonio Elorza belodromoan eta urtarrilaren 6an amaituko da lehiaketa, goizeko 10:00etan hasiko den probarekin batera.

Pistako txirrindularitzaz gozatu eta animatzera joan nahi dutenak gonbidatuta daude Donostiako belodromora, sarrera doan da.