"Zero Zabor" helburu, "natual" eztabaidatuko al dugu?

Erabiltzailearen aurpegia mikel arregi 2013ko urt. 18a, 13:13

Aste honetan berriro egin dute: "Atez-atekoa ezker abertzaleko beste horien kontu bat besterik ez da", adierazi digute. Mezu hau tiki-taka, tiki-taka, etengabe emanaz, Atez-Atekoaren aldekoen zakua hustu edo hustuta mantendu nahi dute. Eta, noski, ondorengo ideia hauek gizartean txertatu: "Ezker abertzalekoa ez bazara, ezin zara Atez-Atekoaren alde egon" edo "Ezker abertzalekoek inposatu nahi diguten sistema bat besterik ez da". Ez dakit zehazki zeintzuk diren interesak, eta ez naiz horretan sartuko. Baina kanpaina gogorrean ari dira, batetik eta bestetik, eta martxa honetan, denok aterako gara galtzaile.

Izan ere, artikulu batean "errauskailuek minbizia eragiten dutela gezurra dela" esateak ez du balio, baldin eta ez bada hori nolabait dokumentatzen. Bestelakoa esateko dokumenturik, egon, badagoelako ("Environment International" aldizkarian Madrilgo Instituto de Salud Carlos III-ko ikerlari batzuk argitaratutako "Cancer mortality in towns in the vicinity of incinerators and installations for the recovery or disposal of hazardous waste" azterketa, esaterako). Eta kezkatu beharrean, errealitate hau ezkutatu nahi da.

Ez du balio. Ez didan balio bezala, esateak, %80-%90a birziklatzea ezinezkoa dela. Hori ahalik eta irmoen, sendoen esan, eta kitto? Arrazoitu behar dira gauzak, batez ere "bestea" faltsukeriaz eta demagogiaz ari dela esaten denean.

Hara, orain hilabete gutxi hasi ginen etxean bosgarren edukiontzirako, marroi horretarako, hondakin organikoak jasotzen. Eta egia esan, "flipantea" da. Orain, gure etxean zaborra ia-ia zero da. Ia "zero zabor". Lehen zaborra zenaren %80-90a, gutxienez, hondakin organikoa da orain. Organikoa bereizten ari den edonork daki hori posible dela. Hortik zerbait ez dela birziklagarria izango? Agian bai; ez dut prozedura ezagutzen. Baina birziklapen tasa oso-oso altuak lor daitezke. Ari denak hori badaki.

Eta hala ere, sistemak ez du funtzionatzen. Azpeitian bosgarren edukiontziarena martxan jarri zenetik zenbat urte pasa dira? Oker ez banago, bost bat urte, honezkero.Hala ere, oraindik, goizero, Alde Zaharreko kaleak "zero zabor" ez, "1.000 zabor" dira (papera, kristala, plastikoa, organikoa….dena nahasirik). Sistemak funtzionatuko balu, edukiontzi gris bakoitzeko 4 marroik beharko lukete. Eta zenbat gris daude marroi bakoitzeko? Bi-hiru? Bosgarren edukiontziarenak funtzionatu ahal izateko, guztion borondatea ezinbestekoa litzateke. Eta zoritxarrez, denbora testigu, dagoeneko ez dut sinisten borondate horren gauzatzean. Ni berandu iritsi naizelakoan nago; eta hala ere, gehiengoa oraindik ez da iritsi.

Beste zerbait behar dugu. Norbere borondatearen esku bakarrik utzita jai dagoela uste dudalako; borondate hau aktibatuko duen sistema bat beharrezkoa da. Behartu? Bilketa sistema erabakitzeko prozedura parte-hartzailea izanda ere, erabakitzen den sistemaren  aurka dagoen hori behartu beste erremediorik ez dut ikusten! Gure gurasoak bere garaian edukiontzi grisak erabiltzera "behartu" zituzten modu berean. Edo Eliz Kalean gau osoz kotxea aparkatuta izaten genuen "gibel-handioi" hori ez egitera “behartu” gintuzten bezala. Eta momentuz, "behar dugun beste zerbait" horren adibiderik onena, dudarik gabe, Atez-Atekoa da. Egongo da agian hoberik, baina nik ez dut ezagutzen.

Gaur egungo martxan guztiok aterako gara galtzaile. Atez-Atekoa kritikatzearekin batera alternatibarik ez bada aurkezten, ez gabiltza ondo. Ez da serioa.

Zero zabor helburu jarrita, pausu guztiak norabide horretan emateko ordua da. Eta hasteko, eztabaida "natual" bat beharrezkoa da. "Azpeitia Zero Zabor" taldekoak hasi ziren, txukun asko! Baina batzuen aldetik egurra besterik ez dute jaso; alternatibarik gabeko egurra. Etxe batzuetan ez ezik, herri guztian ere %30etik %80rako birziklapen neurrietara salto egin dezagun, lehenbailehen. Sortzen ari garen txerrikeri honen kaduzidade data bukatu zelako, aspaldi.