Marea Urdinak boluntarioak behar ditu Domusa Teknik 40 MLKeko Anoa Gune Urdinerako

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2023ko ots. 25a, 09:30
Hainbat boluntario iaz Anoa Gune Urdinean. (Maialen Etxaniz)

Maiatzaren 6an izango da aurtengo Domusa Teknik 40 MLK proba, eta Marea Urdinak kudeatuko du Ikasberri Ikastolaren ondoko Anoa Gune Urdina. Han hainbat sentsibilizazio ekintza egingo dituzte egun osoan zehar, eta boluntarioak behar dituzte horretarako.

Marea Urdinak parte hartze aktiboa izango du datorren maiatzaren 6an Azpeitian egingo den Domusa Teknik 40 MLK proban. Iaz bezala, Marea Urdinak kudeatuko du lasterketako anoa gunerik garrantzitsuena, Ikasberri Ikastolaren ondoan izango dena eta Anoa Gune Urdina deiturikoa.

Egun osoan zehar, hainbat sentsibilizazio ekintza egingo ditu taldeak han; izan ere, egun hori inklusioaren festa zoragarria izan dadin nahi du Marea Urdinak. "Milaka lagun gerturatuko dira lasterketaren ingurura, eta horrek aniztasun funtzionalaren ingurua sentsibilizatzeko aukera paregabea eskainiko digu", azaldu dute kideek.

Anoa Gune Urdinean izango diren ekintzak aurrera eramateko, baina, boluntarioak behar ditu Marea Urdinak, eta dagoeneko zabaldu du izena emateko epea: laguntzeko prest dauden herritarrek honako formulario hau bete beharko dute. Dena den, oraindik egun horretan boluntario aritzeko aukera izango al duten ez dakiten herritarrei aurrerago ere izango dutela izena emateko aukera jakinarazi die taldeak –otsailaren 28a baino lehen izena ematen dutenei soilik bermatuko dizkiete boluntario kamisetak–.