Kalean da Marea Urdinaren 2020ko egutegia

Erabiltzailearen aurpegia da hau Marea Urdina | Gizartea
2019ko abe. 3a, 07:30

Herritarrak sentsibilizatzeko helburuz kaleratu dugu egutegia. Hamabi irudirekin osatu dugu lana; aniztasun funtzionala duten hamabi herritarren argazkiekin. Horiei, gainera, testu banak lagunduko die. Ale batzuk salgai jarriko ditugu Azkoitiko Hazia belardendan, Iroa arropa dendan nahiz Maxi Eroski supermerkatuan eta Azpeitiko Danetik dendan edo Jaka saltokian, bi eurotan.

Egutegirako argazkiak ateratzeko saioko irudia. (Marea Urdina)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gaur, abenduak 3, Ezgaitasunaren Nazioarteko Eguna da, eta berri zoragarri batekin gatoz. Aurreratu genizuen bezala, 2020rako zerbait oso berezia prestatzen aritu gara, urte osoan aniztasun funtzionala duten pertsonak (zure herrikideak) oso gertu izateko zerbait sortu nahi genuen, eta horretara dator 2020rako Marea Urdinak egin duen egutegia.
 
Sentsibilizatzea da helburua. Hain zuzen ere, urtean zehar aniztasuna duten herritarrengandik gertu izatea da egutegiaren xedea, pertsona horiek gertukoak direlako, bertakoak direlako. 2020ak hilabete oso bereziak izango ditu; izan ere, hilabete bakoitzean aniztasun funtzionala duen pertsona bat izango da protagonista. Honako herritar hauek agertzen dira egutegian: Xuban, Ane, Luan, Iren, Ursula, Alex, Luken, Nora, Andoni, Jone, Gotzon eta Igor. Hamabi pertsona, hamabi aniztasun, hamabi herrikide, hamabi lagun, hamabi eskolako gelakide, hamabi familiarteko, hamabi ezagun... Ziur batzuk gertukoak dituzuela, bertakoak baitira.
 
Hilabete bakoitzari esaldi bat idatzi diogu, baina ez dira edozein esaldi. Urrian egin genuen Ezagutu nazazu erakusketan jendeak idatzi zituen aipuetako batzuk hautatu ditugu. Denak dira oso esanguratsuak, bihotzetik idatzitak, oso-oso bereziak, hilabete bakoitzeko pertsonaiak bezelaxe.
 
Egutegiaren bukaerako azken bi orriak Marea Urdinak urtean zehar egin dituen edo Marea Urdinako kideek parte hartu duten ekintzen laburpenarekin osatu ditugu. Zuei esker, aniztasuna eta inklusioa gogoan izan dituzuelako, hainbat ekintzatan parte hartu ahal izan dugu. Har ditzazue, beraz, orri horiek gure esker ona adierazteko modu bezala.

Marea Urdinaren egutegiaren xedea sentsibilizatzea denez, bailarako leku publiko gehienetan ikusi nahi genuke egutegia. Hori dela eta, bailarako haurreskoletara, ikastetxeetara, adinekoen egoitzetara, udaletara, anbulatorioetara, saltokietara, tabernetara, jatetxeetara... doan eramango ditugu egutegiak. Modu horretan, urte osoan izango gara herritar guztiengandik gertu, eta aniztasunaren normalizaziora bidean beste pauso bat emango dugu.

Norbanakoek ere eskura dezakete egutegia. Ale batzuk salgai jarriko ditugu, eta horiek Azkoitiko Hazia belardendan, Iroa arropa dendan nahiz Maxi Eroski supermerkatuan eta Azpeitiko Danetik dendan edo Jaka saltokian eskuratu ahal izango dira bi euroren trukean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu