Ekintzaileei zuzendutako bi tailer antolatu ditu Iraurgi Berritzenek

Erabiltzailearen aurpegia

Ikastaroetako batean enpresek Ogasunarekiko dituzten betebeharrak zein diren irakatsiko dute, baita hiruhileko aitorpenak nola egiten diren ere. Horrez gain, ekintzaileek Gizarte Segurantzarekiko dituzten estaldurak ezagutuko dituzte. Bigarren ikastaroan, aldiz, enpresak ezagutarazteko eta sustatzeko doako erremintak erabiltzen irakatsiko dute.

Lanzituz programaren barruan, negozio bat ireki nahi duten ekintzaileei bideratutako bi ikastaro antolatu ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Ikastaro horietako batean, enpresek Ogasunarekiko dituzten betebeharrak zein diren ikasiko dute tailerrean izena ematen dutenek, baita hiruhileko aitorpenak nola egiten diren ere. Horrez gain, ekintzaileek Gizarte Segurantzarekiko dituzten estaldurak ezagutuko dituzte ikastarora animatzen diren herritarrek.

Bigarren ikastaroan, aldiz, enpresa ezagutarazteko eta sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen doako erremintak ezagutzeko aukera izango dute tailerrean izena ematen duten herritarrek, hala nola Canva (eskuorriak eta kartelak diseinatzeko programa), Mailchimp (email promozionalak egin eta bidaltzeko programa) eta Google My Business (Googleen bilatzaileetan agertzeko enpresaren fitxa sortzeko plataforma) programak. Sare sozialek ere izango dute beren lekua ikastaroan, eta horien erabileran sakonduko dute formakuntzan izena ematen duten ekintzaileek. 

Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Martxoan ekingo diete ikastaroei, baina izen-ematea zabaik dago jada. Saioen ordutegien eta egutegien inguruko informazio gehiago, hemen.  

Izena emateko edo informazio osagarria jakiteko, jarri harremanetan Iraurgi Berritzenekin  943- 85 11 00 (Ione Eizagirre) telefonora deituta edo mezu bat bidalita ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide