Berdintasunaren aldeko apustua egin dute eskualdeko enpresek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko urr. 25a, 13:30

Joan zen asteartean, urriak 22, Enpresa Guneako ordezkarien proposamenari erantzunez, enpresetako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari buruzko jardunaldia egin zuten Iraurgi Berritzenek Basazabal jauregian. Eskualdeko enpresetan genero berdintasunean aurrerapausoak emateko asmoz, gai horretan adituak diren bi hizlarik hainbat gai landu zuten: genero berdintasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak, hala nola definizioak, estereotipoak, aurreiritziak, adierazleak, datuak; berdintasunaren arloan enpresei aplikatu beharreko legedia eta betebeharrak; beste enpresa batzuetako esperientziak; enpresetan Berdintasun Plana nola egin; diagnostiko, negoziazio, ekintza-plan eta jarraipeneko kasu errealak aztertzea; eta proiektuak, kontaktuak, kezkak, zailtasunak nahiz zalantzak partekatzea.

Jardunaldian parte hartu zuten enpresetako ordezkariek landutako gaiei buruzko oso balorazio onak egin zituzten, eta aurrera begira gaiok sakontasun handiagorekin lantzeko konpromisoa hartu zuten. Gipuzkoa Foru Aldundiak babestutako jardunaldia izan zen asteartekoa, IKASIZ proiektuaren markoaren barruan hain zuzen ere. Saioaren helburua da prozesu eta kudeaketa praktika onak partekatzea enpresen artean, elkarren arteko ikasketa prozesuak ahalbideratzea eta horien artean gertuko harremanak sustatzea.