Eskualdeko enpresetan berdintasuna garatzeko jardunaldia egingo du Iraurgi Berritzenek hilaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko urr. 18a, 14:16

Enpresetako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari buruzko jardunaldi praktikoa saioa egingo dute datorren asteartean, Basazabalen, 09:00etatik 16:30era. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Iraurgi Berritzenek antolatuta, Enpresetako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari buruzko jardunaldi praktikoa jardunaldia izango da urriaren 22an, asteartea, Basazabal jauregian. 09:00etatik 16:30era bitartean egingo dute saioa. Enpresa Guneako ordezkarien proposamenari erantzunez antolatu dute jardunaldia, eskualdeko enpresetan genero aukera berdintasunean aurrerapausoak emateko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du jardunaldia, eta Ikasiz proiektuaren markoaren barruan kokatu dute; egitasmo horren helburua da prozesu eta kudeaketa praktika onak elkarbanatzea enpresek beren artean, elkarren arteko ikasketa prozesuak ahalbidetzeko eta gertuko harremanak sustatzeko.

Honako gai hauek landuko dituzte saioan: genero berdintasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak –definizioak, estereotipikoak, aurreiritziak, adierazleak, datuak...–; berdintasunaren arloan enpresei aplikatu beharreko legedia eta betebeharrak; beste enpresa batzuetako esperientziak; enpresetan berdintasun plana nola egin lantzea; diagnostiko, negoziazio, ekintza plan eta jarraipeneko kasu errealak aztertzea –kontziliazioa, hautaketa, komunikazio inklusiboa, jazarpenaren prebentzioa, prestakuntza...–; proiektuak, kontaktuak, kezkak, zailtasunak, zalantzak...

Jardunaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Interesatuek 943-02 60 69 edo 943-85 11 00 telefonoetara deituta eman dezakete izena.