Iraurgi Berritzenek enpresentzat prestakuntza saioak antolatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2018ko ira. 24a, 15:56

Iraurgi Berritzen garapen agentziak hainbat sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldi antolatzen du urte osoan zehar, erakundeak eskualdeko enpresen kapazitazioaren inguruan egiten ari den apustuari lotuta. Irailaren bukaerarako beste bi saio ere antolatu dituzte, zehazki, eskualdeko industria enpresei zuzendutakoak.

Lehen saioa, bihar egingo dute, eta ekonomiari eta fiskalitateari buruzkoa izango da. Kenkari fiskalak kudeatzeko operatiba izenburupean eskainiko dute saioa, Azkoitiko Intsausti jauregian, 09:00etatik 12:00etara bitartean. Hizlariak Spri taldeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak izango dira. Jardunaldia I+G+B eta Berrikuntza Teknologikoko proiektuak garatzen dituzten enpresei zuzendutakoa izango da, batez ere sozietateen gaineko zergan dedukzio fiskalak aplikatzeko interesa dutenei.

Arlo teknologikoari lotutako saioa ostegunean izango da, Bisio artifizialaren aplikazioa eta tendentziak izenburupean. Saio hori ere Azkoitiko Intsausti jauregian izango da 09:00etatik 12:00etara bitartean. Vicomtecheko kideek parte hartuko dute saioan, eta teknologia hori ezagutzeko eta baloratzeko interesa duten industria enpresei zein industrian aplikazioa eta horrek ekar ditzakeen onurak eta abantailak ezagutu nahi dituztenei zuzendutako jardunaldia izango da.

Bi saioetan parte hartzeko interesa duten enpresek parte hartzea baieztatu beharko dute  943-02 60 69 telefonora deituta.