Astelehenean hasiko da proiektuak aztertzen laguntzeko Ideiatik Enpresara tailerra

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2018ko mar. 6a, 17:49

Saioak astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira, 09:30etik 13:30era. 

Iraurgi Berritzenek sustatutako Ideiatik Enpresara tailerra martxoaren 12an, astelehena, hasiko da. Formakuntza hiru bloketan banatuko da. Lehenengo fasean parte-hartzaileek ideia aztertu eta balioztatuko dute. Bigarren fasean proiektua planifikatzeari ekingo diote, eta hirugarrengoan enpresa sortzeko pausoak eta enpresa kudeaketaren inguruko gaiak landuko dituzte. 

Martxoaren 12an ekingo diote ikastaroari eta apirilaren 16an bukatuko da. Saioak astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira, 09:30tik 13:30era, Azkoitiko Insausti Jauregian.

Ikastaroa Lanzituz, Lan Sozietateak Sortuz programaren barruan sartzen da. Egitasmoaren xedea da langabetuen lan munduratzea sustatzea, Lan Sozietateen eredua oinarri bezala hartuta eta ekintzailetasuna bultzatuta.

Europar Fondo Sozialak finantzatu du Lanzituz programa, eta bertan parte hartzen dute ondorengo eragileek: ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen elkartea), Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Bazkundeak, EHUko GEZKIk (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta Euskadiko CCOOk.

Informazio gehiagorako jarri harremanetan Iraurgi Berritzenekin, 943-85 11 00 (Ione Eizagirre) telefonora deituta edo ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita.