Martxoko lehen asteburuan gaztetxoen iraupen eskiko irteera izango da

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko ots. 16a, 08:02
Hainbat lagun iraupen eskia egiten.

Martxoaren 4an eta 5ean egingo dute Lintzara txangoa. Asteburu pasara joan nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Lagun Onaken webgunean. 

Gaztetxoentzat txango ederra antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak martxoko lehen astebururako. Hain zuzen ere, iraupen eskia egiteko aukera izango dute horiek Lintzan. Asteburu pasara joan nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Lagun Onaken webgunean; izan ere, plazak mugatuak direla azaldu du taldeak.

Martxoaren 4an eta 5ean egingo dute txangoa, eta hilaren 4an 08:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik. Gaztetxoek 50 euro ordaindu beharko dute, eta helduek, berriz, 70 euro. Aldiz, Lagun Onakeko bazkide ez diren helduek 80 euro ordaindu beharko dute. Zenbateko horrekin garraioa, larunbateko afaria, igandeko gosaria eta bazkaria ordainduko dira. Horrez gain, eskiatzea nahi dutenek hemezortzi euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Asteburuko irteerara honako hauek eraman behar direla zehaztu du Lagun Onakek: lotarako zakua, elurretarako arropa egokia eta larunbat eguerdirako janaria.