Georgian izan dira Lagun Onak MBko mendizaleak

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2021ko abu. 15a, 15:13

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, 11 lagun ibili dira Kaukaso aldeko mendietan. Horiek lau mendi ibilaldi osatu dituzte. Bidaiaren balorazio positiboa egin du elkarteak.

11 lagun ibili dira azken egunetan Georgia aldean, eta bertan lau mendi ibilaldi burutu dituzte. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du ekimena, herriko Halcon Bidaiak bidai agentziarekin elkarlanean.

Lehenengo mendi egunean, Chaukki mendietan barneratu ziren mendizaleak, Juta herritik (2.100 metro) gora doan bailaran barrena. Chauk aintzirara iritsi ostean, gorantza jarraitu eta 3.200 metrora dagoen lepo batera iristearekin batera, trumoi hotsak buelta hartzera behartu zuen taldea. Hala ere, goi-mendiko jardunaldia polita osatu zuten.

Bigarren jardunaldian, Kazbegi mendira (5.047 metro) gertura ziren. Gaur-gaurkoz, Gergeti elizarako (2.000 metro) errepidea itxita dagoenez, espero baino behereagotik hasi zen ibilbidea. Belardi ederretan gora, Sabertseko lepora (2.800 metro) iritsi ziren lehenengo, eta Altihut aterpera gero (3.000 metro). Taldeko batzuk aurrera jarraitu zuten, ahalik eta Gergeti glaziarrera iristea lortu zuten arte (3.300 metro). Ondoren, bide beretik buelta.

Hirugarren eguna lasaiagoa izan zen, eta Truso bailaran murgildu zen taldea. Bailara ia isolatua da, artzainek, komentuetako azken bizilagunak eta muga zaintzen duten soldaduek bakarrik bisitatu ohi dutena. Ibilaldi erosoa osatu zuten mendizaleek, paisaia ikusgarrietan barrena, dorre, gaztelu eta hustutako herrixkak ezagutuz.

Azken egunean, Gudauri (2.200 metro) eski estaziora mugitu zen taldea. Bidea aldapa gora hasi zen, eta estazio gaineko gailurra zapaldu ostean (2.400 metro), ondoan dagoen Tsikhiani bailarara jaitsi ziren. Berriro ere dorrez eta belardi ederrez inguratuta, bailara bitan ebakitzen duen Khadistkali errekaraino jaitsi ziren. Honi jarraiki goitik behera egin zuten bailara, ahalik eta Kvesheti elizaren parean errepide nagusira irten zuten arte.

Lau mendi ibilaldiez gain, egon da Tbilisi hiriburua ezagutu edota Stalinen jaioterri den Gori hiria bisitatzeko paradarik ere, bai eta Georgiako jendea eta giroa ezagutzeko. Esperientzia polita izan da ekimenean parte hartu dutenentzat, eta hori horrela izanda, elkarteak ere bidaiaren balorazio positiboa egiten du.

Argazki galeria honako lotura honetan ikus daiteke.