Izarraizko gailurrak eta Kakuteko 'kresta'

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2020ko abe. 3a, 13:38

#GureProposamenak ekimenarekin jarraitzen dugu, eta oraingo honetan Izarraitzen Azkoitiko aldean barrena egingo dugu ibilbidea.

Ohi bezala, Azpeitiko plazan hasiko dugu ibilbidea, eta Izarraitzera abiatuko gara ohiko bidetik. Azketa pasa ostean, eskuinera desbideratuko gara, eta hortik, zuzenean, Erloko gailurrera iritsiko gara. Ondoren, Putzuandira jaitsi eta Xoxoteko gailurra egingo dugu, eta handik Kakutera joango gara.

Kakuteko gurutzea bisitatu ostean, 'krestan' barrena jarraituko dugu, altuerarik galdu gabe, ipar-mendebalderantz, Putreaitz eta Aizpeltz gainetatik igaroz. Azkenean, Irutxaboleta parean, Madariagatik Aittolara doan errepidera irtengo gara, eta asfaltoan egingo ditugu metro batzuk, harik eta ezkerretara doan bidegurutze bat topatu arte. Bidegurutze hori seinaleztatuta dago, Izarraizko Biraren parte baita.

Handik aurrera, Izarraizko Birako markak zuri-horiak jarraituz, Azpeitirantz itzuliko gara. Urreta baserrira iristean, Exkerretegira doan bidea hartuko dugu, eta minutu gutxiren barruan berriro ere Azpeitiko herrigunean izango gara.