Bi mendi ibilaldi, astebururako

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2020ko urr. 21a, 10:29

Zapatuan Izarraitzen barrena egingo dute irteera hala nahi duten mendizaleek. Igandean, berriz, gaztetxoen txanda izango da. Horiek Mandubia, Murumendi eta Santa Ageda inguruetan barrena ibiliko dira. Igandeko txangorako aurrez izena eman behar da.

Helduei eta gaztetxoei zuzendutako mendi ibilaldi bana antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak astebururako. Larunbatean Izarraitzen barrena egingo dute txangoa hala nahi duten mendizaleek, eta igandean, berriz, Mandubiako, Murumendiko eta Santa Agedako parajeetan barrena ibiliko dira gaztetxoak.

Larunbatean Azpeitian elkartuko dira txangoa egin nahi duten mendizaleak. Xoxotera igotzeko ohiko bidea hartuko dute aurrena, eta pistan gora eginda, Urreta Txiki parera iritsiko dira. Izarraizko Bira bidean sartuko dira segidan, eta Aitzbakar aldera joko dute. Mendiari buelta emanez, Lasaotik doan bidearekin egingo dute topo, eta handik jarraituko dute Izarraitz gaineko pistara atera arte. Handik Erloko gailurrera igoko dira, eta Xoxoteko ohiko bidetik jaitsiko dira gero herrira. Honako lotura honetan kontsulta daiteke ibilbide horren traka, eta honako hau da ibilbide horren bideoa:

Igandean, berriz, gaztetxoen txanda izango da. Horiek Mandubia, Murumendi eta Santa Ageda inguruetan barrena ibiliko dira. 09:00etan elkartuko dira anbulatorioaren aurrean, eta bederatzi kilometro inguruko irteera egingo dute. 14:00 alderako, bueltan Azpeitian izango direla aurreikusten dute mendi bazkunako kideek. Dagoeneko zabalik dago irteerarako izena emateko epea –Lagun Onak MBren webgunean eman behar da–, eta hara joan nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dute.

Igandean anbulatorio aurrean jarri dute hitzordua, parte-hartzaileak autobusean joango direlako ibilbidearen hasierara. COVID-19a dela eta, osasun neurriak jarraitu beharko dituzte mendizale gazteek: autobusean maskara erabiltzeaz gain, ibilbidea talde txikietan eta 1,5 metroko distantzia mantenduz egin beharko dute. Gainera, norbaitek koronabirusaren sintomarik baldin badauka, etxean gelditu beharko duela aurreratu dute Lagun Onakeko kideek.