74 laguneko taldea Izarraitzi itzulia emateko

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2020ko urt. 27a, 10:32

2020. urteko Lagun Onaken egutegian, urtarrilean eta otsailean herri inguruko bi ibilaldi antolatu ditugu, eta horietako aurrenekoa izan zen larunbatekoa.. Goizeko zortziretan 74 laguneko taldea elkartu ginen plazan, Izarraizko itzulia osatzeko asmoz. Eguraldi ona gauden garairako, ibiltzeko hozbero egokia eta ikuspegiak ere ikusten ziren.

Komuntzotik gora aurrena, Xoxoteko ohiko bidean gora iritsi ginen Urreta-Lastaola-Alabier bidegurutzera. Azken horretarako bidea hartu, eta Aitz Bakar azpikaldetik eta Oranda baserrien gainekaldetik iritsi ginen Ondarbasora. Jarraian, Soldadusorotik pasatuta, Goltzibarrera, jada Izarraitzen atzekaldera pasatuz.

Hamaiketarako Aittola Zaharren ginen eta han egin genuen goiz parteko egonaldi luzea, indarrak berreskuratzeko.

Ibilbidean aurrera jarraituta, Aittolako aparkalekura igo ginen, eta Bide Gorrira. Handik behera, Aitza baserrira; Azkoitia behekaldean ikusten genuen.

Berriro Izarraitzen aurrekaldera itzulita, Arana eta Pikua baserriak pasatuta, Goikosaletxera iritsi ginen. Handik Urreta baserrira, jada Azpeitia behekaldean ikusten genuela. Gorakoan erabili genuen Xoxoteko ohiko bidetik jaitsi ginen herriko plazara, ordubiak ingururako. Ia hogei kilometroko ibilbide polita osatuta, otsaileko Izazpiko ibilaldiaren zain.

Larunbateko irteeraren argazki galeria osoa ikusteko:

https://flic.kr/s/aHsmKYwhfU

Bideoa ikusteko:

https://vimeo.com/387156447