105 laguneko talde mardulak osatu du Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko laugarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia da hau Lagun Onak Mendi Bazkuna | Kirolak
2019ko api. 15a, 15:35

GR-38 Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko laugarren etapa egin genuen hainbat herritarrek joan den larunbatean, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta. Guztira, 105 lagunek parte hartu genuen ibilaldian, eta eguraldi bikaina izan genuen lagun.

08:00etan autobusa hartu eta Otxandiora (Bizkaia) abiatu ginen, eta 09:20 inguruan, ibilbideari ekin genion bertako enparantzan. Eguraldi bikaina zetorkigula nabaria zen, nahiz eta goizean oraindik fresko samar zegoen. Zenbait lekutan izotza ere egin zuen.

Otxandio atzean utzi eta inguruko baso zoragarrietan egiten du aurrera ibilbideak. Pagadietan, hariztietan eta abarretan barrena ibili ginen, eta 10:45 inguruan, Abinako urtegian ginen; leku paregabea da hura hamaiketakoa egiteko, eta hamabost minutuko geldialdia egin genuen bertan, indarrak berreskuratzeko.  

GR-38ko marra zuri-gorriei jarraika, Legutiora (Araba) iritsi ginen, eta han beste geldialditxo bat egin genuen; ibilaldiko azkena. Ibilbide lau-lauean zehar beste zortzi kilometro eginda, 13:30 inguruan iritsi ginen Urbinara (Araba), eguneko ibilia amaitzeko. Etapa motza baina polita izan zen. Aurrez erabakita bezala, bertan bazkaltzea tokatzen zen; ordubete inguruan jendeak kontu-kontari bakoitzak eramandakoa bazkaldu zuen, eta antolatzaileok edatekoa eraman genuen. 15:30 inguruan Azpeitian ginen.

GR-38 ko bosgarren etapa, Urbina eta Estibalitz (Araba) artekoa, maiatzaren 11n egingo dugu –data aldatu dugu–. Ibilaldi erraza eta polita izango da, hogei kilometro ingurukoa.

Hona hemen, zapatuko irudi batzuk (gehiago, honako lotura honetan):

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu