105 lagunek osatu zuten zapatuan Azpeitia-Hazparne egitasmoko bosgarren etapa polit eta erosoa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2017ko mai. 8a, 21:04

Joan den zapatuan, maiatzaren 6an, egin zuten Azpeitia-Hazparne lotzen dituen oinezko bosgarren etapa, agindutakoa baino eguraldi hobearekin. Saratik Kanbora izan zen 80 azpeitiarrek eta 25 hazpandarrek egin zuten txangoa. Eroso eta giro ederrean egin zuten ibilbidea hazpandarren gidaritzapean, Lapurdiko paisaiez gozatuz.

Hemen, Lagun Onak Mendi Bazkunak egindako kronika eta ateratako argazkiak. 

Azken etapa, laster

Azpeitia-Hazparne. 30 Urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko seigarren eta azken ibilaldia Kanbotik Hazparnera artekoa izango da, eta Hiru Zango egunean egingo dute. Hala, Azpeitia eta Hazparne oinez lotzen dituen egitasmoaren seigarren etapa Hiru Zango Eguneko ospakizunarekin amaituko dute, ekainaren 4an. Bertan parte hartzeko txartelak salgai daude.

Hazparnera joateko autobuserako eta han egingo den bazkarirako txartelak 10 eurotan daude salgai Sanagustin kulturgunean eta Lagun Onak MBren egoitzan. Azpeitiarrek Hiru Zango Egunean parte har dezaten nahi dute mendi bazkunako kideek, eta herritar guztiei dei egin diete bertan parte har dezaten. Txartelak erosteko azken eguna maiatzaren 15a izango da.