Bi hitzordu arrakastatsu Izarraitzekoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2022ko abe. 8a, 08:32

Infantil, junior eta absolutuak Castalia Castellon Nazioarteko Trofeoan, eta benjaminak eta alebinak Tolosako Paco Sanchez sarian, maila bikainean aritu dira. 

Infantil, Junior eta absolutuak Castalia Castellon Nazioarteko Trofeoan

Isaac Pousada entrenatzailearen gidaritzapean, Castalia Castellon Nazioarteko Trofeoan izan dira Noa Garate, Maiana Uria, Ane Azkue, Nora Eizagirre, Mirari Goenaga, Nahia Amenabar, Anne Sagarmendi eta Uxue Etxeberria, azken hori euskal selekzioak deituta. Txapelketa garrantzitsua da Castellokoa (Herrialde Katalanak), gutxieneko denborak behar dira bertan parte hartzeko eta igerilarilari bikainak elkartzen dira. Gure igerilariek ez dute aukera alferrik galtzen utzi, beste behin, beraien onena emateko. Egindako lanaren erakusgarri dira denera lortutako hamahiru marka pertsonalak, Uxuek eta Mirarik lortutako finaletarako sailkapenak, eta azken horren 14 urtekoen klubeko bi errekorrak –1.500 libreetan eta 400 estiloetan– eta Espainiako Txapelketarako gutxienekoa.

Benjaminak eta alebinak Tolosako Paco Sanchez sarian

Larunbatean Tolosan izan ginen taldeko 45 benjamin eta alebinekin, XXII. Paco Sanchez sarian. Orokorrean, gure igerilariak ondo ibili ziren, beraien denborak hobetuz. Txapelketa luzea izan arren, gogoz aritu ziren eta horren emaitza dira Izarraitzekoek jasotako hemezortzi dominak. Podiumera igotzeko aukera izan zutenak honako hauek izan ziren: lehenengo postuan, Nora Etxeberria, Nora Aranaga, Julen Eizagirre, Joanes Larrañaga, Mara Garate, Eneko Bastida, Lur Elortza eta Malen Ezama; bigarren postuan, Urko Mintegi, Malen Ezama, Iker Mintegi, Guillermo de la Rosa, Martin Agirrezabalaga eta Janis Altuna; eta hirugarren postuan, Telmo Osoro, Jone Sasieta, Leire Egiguren eta Inge Cabue.

Zorionak denoi!