Emaitza bikainak Paseo Berriko igerialdian

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2018ko abu. 17a, 18:18
Itsas zeharkaldian parte hartu zuten Izarraitzeko kideak. (Izarraitz)

Uxue Etxeberriak bigarren egin zuen infantilen 650 metroko proban. Helduen proban, berriz, Izarraitzeko hamasei igerilarik parte hartu zuten, eta horietan Rafa Zubeldia izan zen helmugaratzen lehena.

Asteazkenean, abuztuaren 15ean, Izarraitz igeri elkarteko igerilari talde batek parte hartu zuen 50. Paseo Berriko Igerialdian, Donostian. 11:00etan, infantil mailako 64 igerilari irten ziren Nautikoko eskailera paretik, 650 metroko luzera zuen igerialdia egiteko. Gure taldeko hiru igerilarik parte hartu zuten, eta denek igerialdi txukuna burutu zuten. Aipagarria da Uxue Etxeberriak bigarren postua lortu izana. Honako hauek izan ziren lortu zituzten postuak: Uxue Etxeberriak 2. postua, Alazne Sudupek 11. postua eta Elene Sudupek 17. postua.

Helduek, berriz, Zurriolako hondartzatik Kontxako hondartzaraino egin zuten igeri. Itsasoak ohiko ibilbidea egiten utzi zuen, gainera, denon gozamenerako. Guztira, ia 600 parte hartzaile izan ziren proban, eta horietatik hamasei izan ziren Izarraitzekoak. Helmugara iristen taldeko lehena Rafa Zubeldia izan zen; hark 32. postua lortu zuen sailkapen orokorrean eta 4. izan zen Master 2 mailan.

Zorionak eta segi horrelaxe!