Udako Espainiako Infantilen Txapelketarekin, bukatu da igerilekuko denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2018ko abu. 1a, 13:37

Igeriketako Udako Espainiako Infantilen Txapelketatik itzuli berri da Uxue Etxeberria Izarraitz igeriketa elkarteko kidea. Uztailaren 26an hasi eta uztailaren 29ra bitartean jokatu zen sariketa Madrilen, eta bertan izan zen Etxeberria. Isaac Pousada aritu zen entrenatzaile lanetan. Etxeberriarentzat Espainiako udako txapelketa zen denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena.

Emaitzak ikusita, esan daiteke aurreikusitako ia helburu guztiak bete dituela Izarraitzeko igerilariak. Garbi dago, Espainiako txapelketetan izugarrizko maila egoten dela eta oso zaila dela aurreko postuetan ibiltzea. Hala ere, Madrilgo txapelketara joatea denboraldian zehar gogor eta gogoz lana egitearen saria izan da Etxeberriarentzat.

Udako Espainiako Infantilen Txapelketa lau probetan hartu zuen parte Etxeberriak. Hona hemen emaitzak:

  • 100 bular proban, 1:19:72 denborarekin 22. postua.
  • 100 bizkar proban, 1:12:62 denborarekin 39. postua.
  • 200 bular proban, 2:52:13 denborarekin 20. postua eta marka pertsonala.
  • 50 libre proban, 29:84 denborarekin 69. postua eta marka pertsonala.

Orain atsedena hartzeko garaia iritsi da, denboraldia luzea eta neketsua izan baita.