Uxue Etxeberria eta Iker Aizpuru gustura, Espainiako txapelketetan egindako lanarekin

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2018ko api. 4a, 10:59
Ezkerrean, Uxue Etxeberria. Eskuinean Euskadiko Selekzioa, tartean Iker Aizpuru.

Uxue Etxeberria igerilaria Espainiako infantil mailako Neguko Txapelketan aritu zen lehian, eta Iker Aizpuru, aldiz, Absolutuen mailako Igeriketa Egokituko Elkargo Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan. Lortutako emaitzekin gustura itzuli dira bi igerilari azpeitiarrak, marka pertsonalak egitea lortu baitute biek. 

Joan zen asteburuan hitzordu bana izan zuten Izarraitz Igeri Elkarteko Uxue Etxeberriak eta Iker Aizpuruk. Biak Espainiako txapelketetan lehiatu ziren, maila eta sariketa ezberdinetan. Uxue Etxeberria igerilaria Espainiako infantil mailako Neguko Txapelketan aritu zen lehian, eta Iker Aizpuru, aldiz, Absolutuen mailako Igeriketa Egokituko Elkargo Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan. Euskadiko selekzioarekin aritu zen Aizpuru. 

Uxue Etxeberria Pontevedran izan zen. Azken asteetan hitzordu honetarako aritu da prestatzen eta, emaitzak ikusita, entrenatzailea eta igerilaria gustura itzuli ziren etxera. Garbi dago, Espainiako txapelketetan izugarrizko maila egoten dela eta oso zaila dela aurreneko postuetan sailkatzea. Hala ere, Pontevedrako txapelketara joatea denboraldian zehar gogor eta gogoz lana egitearen saria izan da Uxuerentzat. Etxeberriak bi probetan lehiatzeko gutxienekoak zituen, 100 metro bular eta 200 metro bular. 200 bular proban 02:52:01 denbora egin bazuen ere, deskalifikatu egin zuten. 100 bular proba, berriz, 01:19:44 denboran egitea lortu zuen. Emaitza horrekin marka pertsonala eta klubeko errekorrak ezarri zituen 14 urtekoen mailan: 50 metroko igerilekuan 50 bular 00:37:06 denborarekin eta 100 bular 01:19:44 denborarekin.

Brontzezko lau domina Aizpururentzat

Iker Aizpuruk, aldiz, Igeriketa Egokituko Espainiako Absolutuen Txapelketan hartu zuen parte Euskadiko selekzioarekin. Absolutuen mailako Igeriketa Egokituko Elkargo Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketa jokatu zuen azpeitiarrak Castellongo La Salera igerilekuan.

Izarraitzeko igerilaria absolutu mailan aritu zen, eta emaitza onak lortuta itzuli zen Azpeitira. Lehiatutako proba guztietan marka pertsonalak lortu zituen Aizpuruk. Gainera, lau brontzezko domina eskuratu zituen. Horietatik hiru bakarkako S10 mailako probetan: 50 bular, 100 bular eta 200 estilo probetan, hain zuzen. Horiez gain, 4×100 libre erreleboetan brontzezko domina eskuratu zuen igerilari azpeitiarrak Euskadiko taldearekin.

Zorionak bioi egin duzuen ahaleginagatik!