Izarraitzeko igerilariek emaitza bikainak lortu dituzte Igeriketako Neguko Gipuzkoako Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia

Guztira 31 marka pertsonal lortu zituzten Izarraitzeko neska-mutilek Azpeitian jokatutako txapelketan. Izarraitzeko igerilariak entrenamendu gogorrak egiten dabiltza, eta horren emaitza izan dira zapatuan lortutako denborak. Ander Idoeta, Iker Aizpuru eta Lander Uria ere "gustura" itzuli dira Gipuzkoako Neguko Igeriketa Egokituko Txapelketatik.

Joan den asteburuan, otsailaren 18an eta 19an, infantil, junior eta absolutu mailako Igeriketako Neguko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Azpeitiko igerilekuan, eta Izarraitz Igeri Elkarteko ordezkariek oso emaitza onak lortu zituzten.

Ainhoa Goenaga eta Pablo Etxeberria absolutu mailan lehiatu ziren. Eva Astigarraga, Ander Etxabe, Angela Ocio, Nerea Berasategi eta Jone Goenaga, aldiz, junior mailan. Iñaki Etxeberria, Joanes Astigarraga, Asier Ganzarain, Ixak Gesalaga, Maialen Sudupe eta Maitane Goenaga infantil mailan lehiatu ziren. Uxue Etxeberria alebinak, berriz, lehiaketatik kanpo hartu zuen parte, Espainiako Txapelketarako Euskadiko selekzioa egiterakoan bere denborak kontutan hartu ahal izateko.

Izarraitzeko igerilariak entrenamendu gogorrak egiten dabiltza, eta horren emaitza izan ziren zapatuan lortutako denborak. Izan ere, aurreikusitako helburuak bete zituzten Izarraitzeko igerilariek Azpeitiko txapelketan.

Hemendik aurrera eta datozen txapelketei begira, entrenamenduen intentsitatea jaitsiko dute, eta lehiaketetan gorantz egitea izango da ohikoena.

Izarraitzekoen lorpen aipagarrienak honako hauek izan ziren:

• Espainiako txapelketetan parte hartzeko 4 gutxiengo berri:

- Jone Goenagak 100 metro libre proban.
- Iñaki Etxeberriak 200 metro libre proban.
- Maitane Goenagak 200 metro estilo proban.
- Maialen Sudupek 400 metro libre proban.

• Klubeko 8 errekor berri:

- Iñaki Etxeberria: 50 libre, 25:32 (16 urte).
- Jone Goenaga: 50 bular, 37:01 (16 urte), 100 bular, 1:19:97 (16 urte) eta 800 libre, 9:27:51 (16 urte).
- Maitane Goenaga: 200 estilo, 2:25:01 (15 urte).
- Maialen Sudupe: 100 bizkar, 1:05:71 (15 urte) eta 200 bizkar, 2:21:40 (15 urte).
- Emakumezkoen 4x100 libre, 4:00:93 (Jone Goenaga, Maitane Goenaga, Ainhoa Goenaga eta Maialen Sudupe).

Guztira 31 marka pertsonal lortu zituzten Izarraitzeko neska-mutilek Azpeitian jokatutako txapelketan. Gipuzkoako Txapelketako dominak, berriz, Infantil mailan bakarrik banatzen dira eta, hamar urrezko, hiru zilarrezko eta lau brontzezko domina lortu zituzten bakarkako probetan. Horiez gain, erreleboetan, mutilek bi brontzezko domina lortu zituzten (4x200 librean eta 4x100 estiloetan).

Juniorrei eta absolutuei dagokienez, berriz, 'fina' taularen arabera egin zituzten sailkapenak eta Izarraitzekoek ez zuten lortu podiumera igotzea. Gipuzkoako txapelketako taldekako sailkapen orokorrean, berriz, Izarraitzeko neskek, laugarren postua eskuratu zuten, mutilek bosgarrena eta saikapen bateratuan laugarren postua lortu zuten.

Uria, Idoeta eta Aizpuru ere "gustura"

Azpeitian jokatutako txapelketaz gain, zapatuan, hilaren 18an, Gipuzkoako Neguko Igeriketa Egokituko Txapelketa jokatu zen Tolosako Usabal Igerilekuan, eta bertan parte hartu zuten Izarraitz Igeri Elkarteko Ander Idoetak, Iker Aizpuruk eta Lander Uriak. Aurrez zituzten denborak hobetu zituzten eta gustura gelditu ziren egindako lanarekin.

Izarraitz Igeri Elkarteak beren "esker ona " adierazi diete antolaketa eta kronometratze lanetan aritu ziren guztie, erakunde eta kolaboratzaileei: Azpeitiako Udala, Errotaundi okindegia, Ongi Etorri jatetxea, Osinazpi jatetxea, Baigera II, Luba Ahulkalaritza, Rocha´s Chopper eta Kantoi taberna.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide