Gustura Itzurun-Arranpla Itsas Zeharkaldiko emaitzekin

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2016ko abu. 22a, 11:32
Elkarteko I. Itzurun Arranpla Itsas zeharkaldiko partaideak

Igerilarien segurtasuna bermatzeko, beste ibilbide bat prestatu zuten Taosa Igeri Taldekoek. Bidea motxagoa bazen ere, proba ez zen xamurra izan. 

Zapatuan, hilak 20, I. Itzurun-Arranpla Itsas Zeharkaldia jokatu zen Zumaian. Itzurun hondartzatik abiatu, eta Arbustaingo arranplaraino igeri egin behar zuten partaideek, 3.000 metroko ibilbidea eginez. Itsasoa zakar zegoen, ordea; eta igerilarien segurtasuna bermatzeko, Taosa Igeri Taldekoek beste ibilbide bat prestatu zuten Urola Ibaiko Itsasadarrean. 

Azken unean prestatu zuten ibilbidea motxagoa bazen ere, horrek ez zuen proba samurtu. Izan ere, marea indar handiz zetorren ibaian gora, eta lehen buiara iristeko lanak izan zituzten igerilariek. Lehen buian bira eman zutenean, korrontea alde zuten; eta horrela joan ziren Itsas kiroldegiko buiara. Hortik aurrera, berriz ere, korrontearen aurka igeri egin zuten helmugaraino.

Izarraitz Igeri Elkartetik honako igerilari hauek parte hartu zuten:
Julen Agirrezabalagak, Nagore Alberdik, Xabier Aranburuk, Juan Karlos Arellanok, Leire Ceciagak, Julen Estebanek, Pablo Etxeberriak, Iñaki Etxeberriak, Koldo Larrañagak, Dani Mayok, Iker Paredesek eta Rafa Zubeldiak.