Aurreikusitako helburu guztiak lortu gabe, Pontevedran

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2014ko mar. 4a, 10:36
Pasa den aste bukaeran, Izarraitzeko Jon Aizpuru, Oihana Goenaga eta Aiora Beristain igerilariak, Pontevedran izan ziren, Espainiako junior eta infantil mailako Neguko Txapelketan parte hartzen. Azken hilabeteetan hitzordu honetarako aritu dira prestatzen, eta emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilariek ez dira oso gustura etorri etxera. Emaitzarik aipagarrienak, Oihana Goenagak lortu duen brontzezko domina eta Euskadiko 15 urtekoen bi errekor berri ezartzea izan dira. \ \ Ez gara saiatuko aitzakiarik aurkitzen. Txapelketara joan aurretik, lanak ondo egin dira, baina aurreikusten ziren helburu guztiak ez dira bete. Orain, txapelketa honekin ahal den azkarren ahaztu eta Udako Txapelketen begira hasi behar dugu lanean. Ez dago besterik, prestatzen jarraitu behar. \ \ Banan-banan honako txapelketa burutu dute azpeitiar igerilariek:\ \ • Oihana Goenaga: 50 metro librean (27:45) brontzezko domina eta Euskadiko denborarik onena 15 urtekoetan. 100 metro librean (58:94 marka pertsonala), 6. postua eta Euskadiko denborarik onena 15 urtekoetan. 200 metro librean (2:07:02 marka pertsonala), 11. postua eta bakarkako azkeneko proban, 200 metro estiloetan (2:32:52), 25. postua. Hauez gain, erreleboko beste hiru probetan hartu zuen parte, 4 x 200 metro librean 8. postua, 4 x 100 metro librean 11. postua eta 4 x 100 estiloetan berriro 8. postua. Entrenatzaileak marka hobeagoak egitea espero zituen baina, txapelketa honetan ez ditu lortzerik izan. \ \ • Jon Aizpuru: Jon-en helburu garrantzitsuenak txapelketa honetan ziren, 100 metro bular eta 200 metro bular probetan aurrez zituen denborak hobetzea. Txapelketako lehen proba, 200 metro bular izan zuen eta, bere denboratik urruti ibili zen. Goizeko aurrekanporaketan, 2:28:92 egin zuen eta arratsaldeko finalean berriz, 2:29:09. Hala ere, 6. postua lortu zuen sailkapenean. Berak, iazko udaran 2:25:79 denbora lortu zuen. Hurrengo proba, 200 metro estilo lehiatu zuen eta, hemen ere, ez zuen igeri egin berak dakien modura. Lehiatu zuen azkeneko proba, 100 metro bular izan zen. Hemen ere, aurrez zuen denbora ez zuen gainditu, 7. postuan sailkatu zen 1:09:27 denborarekin. \ \ • Aiora Beristain: Aioran helburua, Pontevedrako Txapelketara joateko gutxiengoak lortzea zen. Gutxiengoak lortu zituen Azpeitin ospatu zen Gipuzkoako txapelketan. Hori dela eta, ez da sasoi onenean iritsi Espainiako Txapelketara. Bi probatan lehitu zuen, 100 metro librean, ez zuen bere marka onena hobetzerik izan. 200 metro librean, 2:18:24kin bere marka pertsonal onena lortu zuen. Txapelketa onek, esperientzia modura balio handia izango dio eta, udako txapelketetako motibazio bezala ere bai.\ \ Zorionak egin duzuen ahaleginagatik eta, datorren aste bukaeran, Tolosan, Euskal Herriko Neguko Txapelketan, egurre!