Izarraitzen jokatuko dute Egiguren V.ak eta Alberdi II.ak Promozioko buruz burukoaren partida, sailkapena jokoan dutela

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2022ko api. 22a, 20:06
Unai Alberdi eta Julen Egiguren elkarri bostekoa ematen, Izarraitzen. (Ilunpe)

Apirilaren 30ean izango da jaialdia, 17:30ean hasita, eta goi mailan dabiltzan herriko hiru pilotariek jokatuko dute bertan, Alberdi I.ak ere txapelketa bereko partida jokatuko baitu, Elordiren kontra.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak esku pilotako profesionalen partidak hartuko ditu, beste behin. Oraingoan, inoiz baino bereziagoa izango da; izan ere, goi mailan dabiltzan herriko hiru pilotariek jokatuko dute jaialdi berean. Datorren larunbatean, apirilaren 30ean, izango da zita, 17:30ean hasita.

Jaialdiko lehen partidan, Jon Alberdi azpeitiarra Aitor Elordiren aurka arituko da. Promozioko buruz buruko txapelketako partida izango da. eta aste honetan ematen diren emaitzen arabera, sailkapena jokoan egon daiteke.

Jarraian, Julen Egiguren eta Unai Alberdi herritarren arteko lehia izango da. Partida hori ere Promozioko buruz buruko txapelketari dagokio, eta sailkapena dagoen moduan egonda, irabazten duenak lortuko du txapelketan aurrera egitea, bestea kanpoan utziz. Beraz, erabakiorra izango da azpeitiarren arteko dema.

Amaitzeko, jaialdia osatzeko helburuarekin, binakako partida bat izango da: Victor eta Arbizu debutatu berria, Arteaga II.aren eta Larunberen aurka.

Sarrerak 15 eurotan daude salgai honako webgune honetan. Frontoiko txarteldegia apirilaren 30ean bertan zabalduko da, 16:30ean.