Ostiraleko pilota jaialdia, zehaztuta

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Aldalur Ilunpeko kidea, Jaka, Victor eta Egiguren pilotariak nahiz Ainara LarraƱaga zinegotzia. (Ilunpe)

Lau eta erdiko txapelketetako hiru partida ikusi ahal izango dira Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita. Lehen partida, promozio mailakoa, Alberdik eta Zabalak jokatuko dute; bigarrena, lehen mailakoa, Victorrek eta Jakak; eta hirugarrena, promozio txapelketakoa, Egigurenek eta Agirrek. Sarrerak 25 eurotan eros daitezke Interneten. Ostiralean ere eskuratu ahal izango dira Izarraitzeko txarteldegian.

Profesionalen esku pilota zirkuituko hiru txapelketa handietako bat, lau eta erdikoa, martxan da dagoeneko, baita promozio mailako lau eta erdikoa ere. Bi txapelketako pilotariak final laurdenetako ligaxka ari dira jokatzen, eta partida horietako hiru Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte ostiralean, urriak 11, 22:00etatik aurrera.

Hiru partidako jaialdia izango da. Aurrena promozio mailakoa izango da, eta Jon Alberdi azpeitiarrak Zabalaren kontra neurtuko ditu indarrak. Bi pilotari horiek galdu egin zituzten ligaxkako lehen jardunaldiko partidak, eta beraz, garaipena behar dute hurrengo fasera sailkatzeko. Bigarren partida lehen mailakoa izango da; Victor eta Jaka ariko dira nor baino nor. Horiek ligaxkako lehen jardunaldia jokatuko dute Azpeitian. Hirugarren eta azken partida, promozio mailakoa izango da, eta Julen Egiguren azpeitiarrak eta Agirrek jokatuko dute. Bi pilotariek irabazi egin zituzten lehen jardunaldiko norgehiagokak, eta ostiraleko partida irabazten duen kirolariak finalerdietarako txartela eskuratuko du.

Jaialdirako sarrerak salgai daude Interneten, 25 euroren trukean. Izarraitz pilotalekuko txarteldegian ere salduko dituzte sarrerak ostiralean, 20:00etatik aurrera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide