Datorren astean hasiko da Ilunpe pilota elkartea entrenamenduekin

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2017ko ira. 20a, 19:26
Iazko Santo Tomas eguneko txapelketako irudi bat.

Azpeitiko Ilunpe pilota elkartea denboraldi berriari hasiera ematera doa. Izen-emate egunak amaituta, izena eman duten pilotarien kopurua eta horien beharrak aztertu dituzte klubeko ordezkariek, eta, horren arabera, entrenatzaileei eta pilotariei ondoen egokitzen zaien egutegia prestatu dute.

Benjamin mailako haurrek, 2008-2009 urteetan jaiotakoek, hiru egun izango dituzte aukeran entrenamendua egin ahal izateko: asteartea, asteazkena edo osteguna. Pilotari bakoitzak aukeratu beharko du hiru egun posible horietatik zein datorkion ondoen. Aukeratutako eguna edozein izanik ere, 18:00etatik 19:00etara izango dute hitzordua.

Alebin mailari, 2006-2007 urteetan jaiotakoei, dagokienez, asteartea eta osteguna izango dira horien entrenamendu egun posibleak. Horien kasuan ere, pilotariak aukeratu ahal izango du bi egunetako bat. Bi lansaioak 19:00etatik 20:00etara izango da.

Infantil mailakoek, 2004-2005 urteetan jaiotakoek, entrenamendu bakarra izango dute, astelehenetan, 18:00etan hasita. Beraz, maila horretako pilotari guztiek batera egingo dituzte saioak.

Kadeteek, 2002-2003 urteetan jaiotakoek, asteazkenetan, 18:00etan izango dute hitzordua, eta jubenil mailako pilotariek (2000-2001 urteetan jaiotakoak) egun berean 19:00etan hasita.

Bestalde, aurre-benjamin mailako pilotariek, 2009-2010 urteetan jaiotakoek, hasiera batean hileko azken larunbatetan izango dituzte entrenamenduak, 10:00etan hasita. Edozein kasutan, Ilunpek ez du baztertzen aurrerago larunbatero entrenamenduak egitea.

Datorren astean egingo diren lehen entrenamenduei begira, pilotari bakoitzak bere mailari dagokion entrenamendu orduan Frontoi Txikira agertu beharko du. Benjamin eta Alebin mailetako pilotariek aukeran dituzten egunetatik ondoen datorkienean frontoira agertu besterik ez dute.

Entrenamenduak herriko pilotaleku ezberdinak erabiliz egingo dituzte pilotariek, hala nola Izarraitz, Betharram eta Frontoi Txiki. Pilotalekuen erabilgarritasunaren eta pilotari kopuruaren arabera, entrenatzaileek zehaztuko dituzte pilotalekuak.