Azpeitiak igandean jokatuko du Herriarteko Txapelketako finala Astigarragaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2016ko eka. 28a, 12:40
Iazko Herriarteko Txapelketako finaleko irudia.

10:30ean izango da partida, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Bertara joan nahi dutenek sarrerak eskuragarri izango dituzte ostegunetik aurrera Frontoi Txikian. Finalera joateko autobusa ere antolatu dute. 

Datorren igandean, uztailak 2, jokatuko du Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko esku pilota txapelketako finala Astigarragaren aurka. Donostiako Atano III.a pilotalekuan izango da partida, 10:30ean hasita. Astigarragak final erdietan Azkoitiari irabazita heldu da finalera. Azpeitia, aldiz, Hernani kanporatu ostean.

Bi finalistek, Azpeitiak eta Astigarragak, iaz final aurrekotan egin zuten topo eta kanporaketa estua izan zen. Orduan, azpeitiarrek finalera pasatzea lortu eta txapela bereganatu zuten. Aurten ere lehia estua espero da sari bikoitza eskuratzeko. Izan ere, irabazleak Gipuzkoako txapela eskuratzeaz gain, Euskal Herriko Herriarteko txapelketa jokatzeko txartela lortuko du.

Finalerako sarrerak eta autobusa

Igandeko zitarako sarrerak ostegunetik aurrera eskuratu ahal izango dira Frontoi Txikian. Ostegunean eta ostiralean 18:00etatik 20:00etara. Larunbat goizean, aldiz, 10:00etatik 12:00etara, Ilunpe Elkarteko bulegoan erosi ahal izango dira sarreak. Gainera, Donostiara joateko autobusean ere izena eman ahal izango da ordutegi berean, doan. Autobusak anbulatorio aurretik irtengo dira igande goizez 09:00etan eta beharrezkoa da aurrez izena ematea. Finaleko egunean ere izango da sarrerak eskuratzeko aukera Atano III.a pilotalekuko takiletan.

Finaleko protagonistek Donostiako pilotalekuarekin lehen kontaktua asteazkenean izango dute, pilota aukeraketa eta entrenamendua egingo baitute arratsaldeko 18:00etan.

Lau aldiz txapeldun

Azpeitiak, guztira, Herriarteko lau txapelketa irabazi ditu gaurdaino. 2010ean jokatu zuten pilotari azpeitiarrek herriarteko finala azkenengoz, eta 2 eta 1 nagusitu ziren Hernaniren kontra. Ordurako bi txapel lortuta zituzten azpeitiarrek. Izan ere, 2008an eta 2004an Donostiari eta Hernaniri irabazi zion Azpeitiak, 3-0 eta 2-1, hurrenez hurren. 2008an Euskal Herriko Herriartekoa irabazi zuen Azpeitian, baita 2015ean ere, Tolosaren aurka hirutik hiru partida irabazita.  

Beste hiru final ere jokatu ditu Azpeitiko taldeak Herriartekoaren historian. Hala nola, 2007an Arrasateren kontra galdu zuen finala, eta aurreko bietan, 1995ean eta 1996an, azkoitiarren kontra.