Bueltan da 'Interpueblosa'

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2015ko api. 16a, 17:15

Txapelketaren hasiera eguna ezagutu bezain pronto, Ilunpek Azpeitia ordezkatuko duen pilotari taldea aurkeztuko du. Beraz, joan zaitezte eztarriak prestatzen azpeitiarren alde oihu egiteko. Urteroko zozketa ederra ere abian du Ilunpek.

Bueltan da esku pilotako Herriarteko txapelketa, Interpueblosa bezala ezagutzen dena. Hainbat urtetan Azpeitiak taldea osatzeko arazoak izan ostean, aurtengoan berriro aurkezteko asmoa agertu dute Ilunpe Pilota Elkarteko ordezkariek. Oraindik lehen aurkaria eta egutegia ezagutzen ez diren arren, Ilunpeko pilotariek txapelketa garrantzitsu honi begira prestaketa lanei ekin diete. Duela urte batzuk lorturiko arrakastak errepikatzeko asmoz, argi dute paper garrantzitsu bat betetzeko moduko taldea dagoela. Txapelketaren hasiera eguna ezagutu bezain pronto, Ilunpek Azpeitia ordezkatuko duen pilotari taldea aurkeztuko du. Beraz, joan zaitezte eztarriak prestatzen azpeitiarren alde oihu egiteko.

Zozketa abian

Bestalde, pilota elkarteak zozketa zoragarri bat antolatu du beste urte batez. Ohiturari jarraituz, aurtengoan ere sari bikaina eskuratuko du boleto saridunaren jabeak, eskuz banakako final nagusirako kantxako 4 sarrera, 4 afari Loiola Hoteleko jatetxean eta 1.200 euro eskudirutan. Ilunpeko pilotari gaztexoak izango dira herritarren artean zenbakiak banatzeaz arduratuko direnak.