Ibai Aldalurren azken partida Garmendipen

Erabiltzailearen aurpegia Ikasberri Kirol Elkartea 2022ko mai. 6a, 09:57

Larunbat honetan jokatuko du Ibai Aldalurrek azken partida etxean. Maiatzaren 7an, 17:00etan, Garmendipeko zelai naturalean, Atotxa Riverren aurka. Ez galdu, eta etorri animatzera!

Azken asteetan iragarri dugun moduan, aurten 25 urte bete ditugu. Baina ez gara 25. urteurrena betetzen dugun bakarrak, gure jokalari Ibai Aldalurrek ere aurten beteko baitu 25. denboraldia Ikasberri Kirol Elkartean.

Hogeitabosgarrena ez da nolanahiko urteurrena. 1997. urtean sortu zen Ikasberri Kirol Elkartea, eta urte hartantxe hasi zen Ibai kadeteen taldean jokatzen, kamiseta urdin-beltzarekin. Hurrengo denboraldian, jubeniletara pasa zen, eta, hirugarren denboraldian, igoera eta kopa eskuratu zituen. 2001. urtean, klubak erregionalen taldea sortu zuen, eta han jarraitu zuen gure kapitainak. 2003-2004 denboraldian, erregionalen bigarren mailatik lehen mailara igo ziren.

Hainbat urtez erregionalen lehen mailan jokatu ondoren, 2013. urtean lortu zuen Ibaik, taldekideekin batera, berriz ere mailaz igotzea: erregionalen gorengo mailara. 1997. urtean hasi eta 2022. urtera arte, klubeko ia kategoria guztietan jokatu du Ibaik. Alegia, kluba sortu zen urtetik gaur arte jokatu du, denboraldi bat bera ere huts egin gabe. Ez da marka makala!  Azken urteak gogorrak izan badira ere, aurten 25 urteko langara iritsi da, eta denboraldi honetan esango dio agur futbolari. Hala ere, Ikasberri Kirol Elkartean buru-belarri jarraituko du lanean, izan ere, 2018az geroztik, elkarteko lehendakaria da. 

25 urte hauetan zenbat talde, entrenamendu, partida, taldekide, entrenatzaile, aurkari, ospakizun, oroitzapen… Azpeitiko eta inguruko herrietako jokalari askorekin futbolean aritzeko aukera izan du Ibaik, eta ziur gaude taldekideek asko ikasi dutela beragandik eta bere eskarmentutik, bai zelaian eta bai zelaitik kanpo. Hutsune handia utziko duzu futbol zelaietan eta aldageletan. Aurkari zein taldekideek faltan botako zaituzte.

Zorionak eta eskerrik asko, Ibai!  Segi futbolaz gozatzen!