Luzapenean lortutako beste hiru puntu

Erabiltzailearen aurpegia Ikasberri Kirol Elkartea 2015ko abe. 1a, 12:52
Luzapeneko denboran hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuen Ikasberrik Iker Arakistainen golari esker. Partida garrantzitsua zen Ikasberrirentzat zein Beasainentzat, sailkapenaren goialdean dabiltza biak eta ez galtzea garrantzitsua zen hor goian jarraitzeko. \ \ Lehen zatia ez zuen oso ondo hasi etxeko taldeak, Beasain izan zen baloiaren jabe eta lehen bi aukerak ere beraienak izan ziren. Lehen errematea gutxigatik kanpora bota zuten bisitariek eta bigarrenean, erdiraketa bikain batean egindako erremateari erantzun bikaina eman zion Ioritz Aginagalde atezainak. Minutuak aurrera joan ahala, zelaian geroz eta erosoago ikusi zen Ikasberri eta erasoan arriskua sortzen hasi zen, pixkanaka. Lehen gola egin aurretik pare bat kornerretan aukera sortu zuten azpeitiarrek. Hirugarrengoan, ordea, Mikel Yeregik ez zuen barkatu. Korner baten aldaratzea Iker Arakistainen hanketara joan zen eta honen erdiraketa zoragarria Yeregik buruz sareetara bidali zuen, bat eta hutsekoa markagailuan jartzeko. Lehen zatia bukatzeko minutu gutxiren faltan errenta handitzeko aukera ere izan zuten, baina atsedenera 1-0koarekin joan ziren. \ \ Bigarren zatian, Beasainek duen kalitatea erakutsi zuen, baloia ondo mugitu zuen, jende asko erasoan sartuaz, eta ligan gol gehien sartzen duen taldea zerbaitegatik dela erakutsi nahi izan zuen. Minutuak aurrera joan ahala, txartelek Ikasberriren zelai erdiko jokalarien jokoa baldintzatu zuten eta entrenatzailea aldaketak egitera behartu, neurketa hamaika jokalarirekin bukatzeko esperantzarekin. Aldaketek eragina izan zuten, momentu zaila zen zelai erdiko jokalari bat zelairatzeko, erritmo handia zegoen zelai erdian eta bertan zelairatutako bi jokalariek asko sufritu zuten irten ondorengo lehen hamar minutuetan. Hortik etorri zen Beasainen berdinketaren gola. Ikasberrik bere zelaian egindako falta baten erremateak banakoa jarri zuen markagailuan. Markagailua berdinduta, Ikasberrik Pablo aurrelaria zelairatu zuen eta erasokorragoa izan zen azken hamar minutuetan. Partida bukatzeko hamar segundu falta zirela iritsi zen zoramena: Jon Azkune gazteak Alex Altolagirreren erdiraketa bat kontrolatu, defentsa bati alde egin eta ezkerrez ateratako erdiraketa ikusgarria Arakistain kapitainak sareetara bidali zuen, hiru puntuak etxean gelditzeko. Gola sartu eta epaileak partida bukatu zuen. 2-1, azken emaitza. \ \ Bigarrena da sailkapenean Ikasberri, 11 partidatan 23 puntu lortu ondoren. Bolada honi jarraipena emateko Aretxabaletan irabazi beharko dute Azpeitiarrek.