Boteprontoan

Efemeridea ate joka

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2023ko api. 13a, 09:00
(Argazkia: Wikipedia)

Ignacio Arakistainek 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Balio beza hilabete honetako nire aleak ohar gisa. Urte hasierak gure herrira ekarri ohi duen festa usaina jada gainetik kenduta, bada 2023. urteak ekarriko dizkigun hainbat efemerideri eta urteurreni erreparatzeko garaia. Historian gertatua oroitzea herritar gisa dugun eginkizun eta betebehar garrantzitsuenetako bat da. Garena aldarrikatuz gabiltzan garaiotan, gure mundu ikuskera ezarri nahi izateaz gain, ezinbestekoa deritzot kate luze baten arboila nimiñoak besterik ez garela barneratzea, eta balioa ematea iraganean beren lanagatik eta eginagatik nabarmendu ziren azpeitiarrei.

Nork ez du ezagutzen eliz atarian dagoen mudejar estiloko kanpoalde dotorez jantzitako etxea ala Urrestillako epizentroa den plazaren izena? Herriko musika eskolak ere azpeitiar ezagun honen izena du. Duela 500 urte zendu zen Juan Antxieta musikari errenazentista apartaz ari naiz, noski. Aurten, bost mende beteko dira garaiko polifonisten artean onenetakotzat jotzen den artistaren heriotzatik. Erabili beharko genuke urteurren borobila haren biografia zabalak eskaintzen dituen datuak azpimarratzeko eta bere musika ezagutarazteko. Ea hala den.