Boteprontoan

Haize bolada

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2022ko abe. 11a, 08:37
(Pixabay)

Ignacio Arakistainek 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hautsak harrotu, iritzi kontrajarriak errotu, eta diagnostiko goiztiarrekin, erratu. Zenbaitek iskanbila sortu eta egin orro. Harro esan garela berde, gaudela lerdea darien enpresek ustiatu gabekoaren alde. Baina egin dezatela nire etxetik apur bat urrunago alde, eta erre ditzatela besteen zelai eta mendialde. Urratu ditzatela besteen bistak, horixe begi bistan ditugunak artatu nahia piztu zaienek. Ez ditzatela gure bideak ukitu, batzuek; ez gaitzatela inozo moduan zifrekin akitu, besteek. Onuraren duda ere, akaso, ukatu? Izango ote gara gai mardul honen ertz guztiak aztertzeko gai?

Gertu daukadan Vienako opera parean haize errota bat jarriz gero, astinduko luke bai Azpeititik iristen zaidan haize boladak. Enpresa bat udaletxeko atea joz, komunikabideetan zarata, batzar irekia... Egon, zuk ere sentitu al duzu deja vu-a? Badirudi oraingoak ez duela azken guda mediatikoari zerion kirats politikorik. Egoera ez da samurra, mintzen gaituzte fakturek, hipotekek, gaseosoa zein solidoa den krudelkeria orok. Indarrak zertan zentratu, ordea, sorkuntza eraldatzean, kontsumoa murriztean ala pedagogia ekologikoan? Tarte murritza, galdera ugarirentzat.