Boteprontoan

Maleta (des)egin

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2022ko urt. 8a, 09:02

Ignacio Arakistainek 2021eko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Elementu preziatuak dira maletak. Bizipenen testigu, une errepikaezinen gotorleku. Pertsonen gisan, mota ugaritako maletak aurkitu ohi ditugu aireportuetako zinta garraiatzaileetan. Handiak zein meharrak, erraldoiak ala eskuko ñimiñoak. Espazioa optimizatzeko sortuak, vintage erara diseinatuak ala daramatena agerian geratu ez dadin giltzapetuak. Bi jende multzo bereizteko ere balio dezakete maletek: batetik, patxadaz bertan zer sartu erabakitzen dutenak daude, premiazkoa ez zaiena lurrean utziz eta aireratuko dena tentuz aukeratuz; eta bestetik, presaka eta boteprontoan armairua aztoratu eta segundo batzuen bueltan ipurmasailen indarrez maleta ala moduz ixten dutenak. Jabeen ispilu anitzak, joan-etorriek maiztuak, bereziak denak.

Egun gutxi barru trasteak hartu eta mudantza egitea egokitzen zait. Maleta ganbarako lozorro gozotik esnatzeak sentimendu kontrajarriak pizten dizkit. Hastear den etapan bidaide izango ditudan gauzak hautatzeak gerturatzen naute bizileku berrira, baina nostalgia ere eragiten dit armairu hutsa atzean uzteak. Maleta (des)egitea egokitzen zait.