Arnasguneak arriskuan

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2021ko abe. 3a, 09:30

Abenduaren 3an ospatu ohi dugu euskara, bere baitan ehundutako kultura eta herria. Ospakizunez gain, hausnarketarako eta arriskuak hautemateko eguna ere izan beharko luke gaurkoak.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Euskaldun egiten gaituen elementua hauspotzeko, indartzeko eta berorren biziraupena aldarrikatzeko ospakizun jardunaldia, hain zuzen. Gure herria euskararen arnasgunetzat jo izan da beti; hizkuntzak, ahulen eta erasotuen zegoen momentuetan, gotorleku izan zituen gure arbasoen etxeak eta egun ere euskaraz bizitzeko baliabide linguistiko guztiak eskura ditu herritar orok. Foro ugari eta anitzetan gure hizkuntzan komunikatzeko aukera zabala dugu azpeitiarrok. Horrexegatik, egun oraindik altua da euskal hiztunen kopurua Azpeitian, baina euskarak izan behar lukeen ahobatezko babesa pitzatzen duten zenbait sintoma larri sumatzen dira herriko hainbat alor eta jendartetan. Hitz hauek idaztera esertzen naiz euskara eskura izateak eskainitako erosotasunetik bere ahuleziez jabetzen ez diren zenbait ohartarazteko.

Azpeitiko EAJk azken egunotan herritarren buzoietan banatutako eskuorri modukoari buruz ari naiz. Atzokoan jaso nuen liburuxka hori etxean, eta ireki bezain pronto jabetu nintzen hizkuntza hautu oker eta kezkagarriez. Lehen orrian bertan, letra larriz, irakurle orok azkar ikusi eta irakurtzeko moduan, gaztelaniaz idatzitako zenbait ideia, inongo itzulpenik gabe. Ondoren, letra nabarmen eskasagoan, euskaraz azalduta agertzen ziren puntu horiek beraiek. Gaztelaniaren lehentasuna desegokia iruditu zitzaidan oso, testuaren zatikatzea eta itzulpenik eza alde batera utzita. Elebikoa eta parekidea den zerbait egin nahi denean –gurea bezalako herri euskaldun batean, euskara gutxiesteko moduetako bat–, testu guztia bi hizkuntzetan berridaztea garrantzitsua da. Proportzionaltasun kontu bat ere bada, edonork antzeman dezake-eta herritarrei transmititu nahi dietena nahita ez dutela idatzi euskaraz eta maiuskulaz, herritarren gehiengo horrek hizkuntza hori menderatuko ez balu bezala. Badirudi gaztelaniaz idazteak oihartzun handia dakarkiola ideiari Azpeitian, a ze paradoxa.

Ez da lehen aldia, ezta gutxiago ere, alderdiak hizkuntza hautuetan euskara eta gaztelera modu parekidean eta gisakoan erabiltzen dituena. Duela astebete ere, biolentzia matxista salatzeko beraien egoitzan eskegitako kartelean, esaldi bera bitan aurkitzen zen idatzia, tamaina berberean, inongo bariaziorik gabe. Sare sozialetan argitaratutako publikazio hainbatetan ere, gazteleraren presentzia gehiegizkoa dela nabarmendu nahiko nuke, asteon banatutako foileto horretan euskararen alde lan egitea lehentasunezkotzat jo baina proposamenen alorrean arlo horretarako ezer konkreturik iradokitzen ez dutela kontuan izan gabe.

Tristea iruditzen zait betidanik euskalduna sentitu den herri honetako alderdi nazionalista deituriko batek, euskarari horrelako mespretxu eta trataera desegokiak eskaintzea. Zuzenean behin baino gehiagotan eskatu izan diet alderdiko ordezkariei euskarari lehentasuna emateko, hizkuntzari euskaldun garen geuk ez badiogu trataera arduratsu eta errespetuzko bat eskaintzen, inori ez zaiolako axolako hiztun kopurua gutxiagotzea eta gainontzeko hizkuntza ahaltsuen botereak gure txikitasuna zanpatzea. Arnasgune izaten jarraitu nahi badugu, guztiok, izan herritar soil, instituzio ala alderdi politiko, gure aletxoa jarri beharko dugu, gure hizkuntzari egunerokoan lehentasunezko toki bat eskainiz.