Urrea darion familia

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2021ko api. 27a, 12:03

Iraurgi Saskibaloi Taldearen denboraldi borobilari hitzak jartzea ez da lan erraza. Hemen duzue nire saiakera xumea: 

Urrezko ezteiak gertu dituen taldeari aitortza egin nahi nioke. Urrezko bataioa behar baino lehenago iritsi zaie Iñaki Jimenez donostiarrak bi urtez zuzendu dituen jokalariei, eta lorpenak merezi du paperean erreplika. Lau urtean, Iraurgi saskibaloi klubak garaikur hainbat lortu ditu, Zilarrezko LEB liga bi eta Zilarrezko LEB kopa parea tartean, azkenak bi urtez jarraian. Denboraldi bikaina burututa, estatuko bigarren mailan aritzeko aukera izango du bailarako proiektutzat hazitako taldeak, hiriburu jendetsuen ordezkariekin batera. Xumetasunaren garaipena da urte latz hau dela-eta zaleek gozatu ezin izan dutena. Harmaila hutsen parean gertatutako miraria, birtualki helarazitako bultzada tarteko, lurtarren esfortzua eta zerutarren magia batuta.  

Inoiz baino beharrezkoagoak izan zaizkio taldeari jardunaldi oro pantaila atzean ginen zaleon animoak eta herritarren batasun teknologikoa. Ospakizunak atzeratuta eta egutegian pilatuta ditugun garaiotan, sarean zorion mezu ugari zabaldu dira eta elkartasuna zigilu duen familiak ingurukoengan sortzen duen errespetua eta miresmena nabarmen berretsi dira. Teloi atzeko lana, berriz, ezinbestekoa da, eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi Jose Luis Zubizarreta Xubi, gorputz eta arimaz lanean diharduen gizonari ugari zor baitio taldearen historiak.   

Borondate kontua da Iraurgik Urrezko LEB ligan jokatu ahal izatea. Gipuzkoako saskibaloiaren harrobi nagusiak merezi du oparia eta gertuko erakundeak horren jakitun izango direlakoan, udazkenean partida bikainez gozatzeko aukera izango dugula espero dut. Bitartean, klubaren kuraia eta momentuok zinez gozatu izango lituzkeen gure aitak bihotzean zituen konpromesuaren eta laguntasunaren baloreak egin ditzagun geure. Garaiek eskertuko digute!