Polifonia hotsak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2021ko ots. 18a, 17:06

2021ak gauza aberatsak ekarriko dituelakoan nago, eta pausoz pauso urruna dirudien bizitza hura berreskuratuz joango garenaren bihozkada sendoa dut. Proiektu desberdinen artean, bada bat azken egunotan argitara eman duguna. Ezust Duoa da berau eta akordeoi zein piano doinuak uztartzen ditu.

Musikak airean darrai. Beldurrak eta ezjakintasunak zanpaturik gauzkan garaiotan, gizarte hauskorren babesleku are beharrezkoagoa bihurtu da musika. Ukiezina, boteretsua, inspiratzailea eta efimeroa, iluntasunean aurki dezakegun istant argitsua, itxaropenaren printza. Iazko urteak erakutsi zigun bai, orain artean ezagutu dugunaren zimenduak zartatzen hasten direnean, sutsuki eutsi behar diegula maite ditugun gauzei, bihotzean gordeak daramatzagun melodiei, usainei, habitatei zein maitaleei. Erretorika ponpoxoa sarrera modura utzita, duela pare bat urte martxan jarri genuen proiektu baten baitan argitara atera berri diren bideo parea aurkezteko heinarekin idazten ditut lerrook. 

Ezust Duoa fusio-proiektu bat da, bi instrumentu polifonikoren arteko uztartzea, biak tekladunak baina historia eta tradizio oso desberdinekoak, batak bestea erakarri eta aldi berean elkar aldaratzen duten bi polo. Beste instrumentu baten akonpainamendua gauzatzen abilak eta norbere errepertorio zabalari ekiteko idealak. Bien batuketa ez da, ordea, hain ohikoa eta horrexegatik egin nahi izan dugu Garazi Navas Mundiñanok eta biok bikote honen aldeko apustua. Taldea, 2019. urtean Musikenen (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian) sortu zen eta estilo mugarik gabeko musika jotzen dugu, sentsibilitate handiko musika biza, kontrastez betetako gaur egungo munduaren kultura aberastasuna fintasun eta dotoreziaz isladatzen duena. 

Bideoa gauzatu ahal izateko bidelagun izan ditugun Kulturaz, Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibako kideak eta Beasaingo Igartza Jauregiko arduradunak eskertu nahiko genituzke testu honen bitartez. Piezak entzuterakoan, geuk berauek prestatzen eta grabaketa egitean lortu dugun poz eta asetasunaren portzio txiki bat sentitzen baduzue zuen pupila eta tinpanoetan, gustura izango gara.