Epilogo bitala

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2020ko abe. 31a, 10:25

Azken urte honetan, azalean sentitu dugu bizitzaren ahulezia, gure arazo eta buruhauste gehienek muinean duten txikikeria, ezereza. Iragan denbora arrotzen usaina hartuko diegu azken 366 egun hauei garai berriak etorri ahala, baina testigantza laburtu hau idatzi nahi izan dut, norbaitek irakur dezan, gaur ala hamar urte barru.

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko omen dira besteak. Hala abesten zuen behintzat Mikel Laboak, Xabier Leteren hitzei itsatsi zien doinu erakargarri bezain malenkoniatsua interpretatzean. Gure herriaren islatzat har dezakegun bertso sortak izakion pauso bitalen kronika darama barnean: hautsetik sorrera, lanez eta nekez iraupena, itxaropen zein bakean heriotza. Izanaren esentzia horixe baita, aurrekoen testigua jasoz hurrengoei lur hobe bat uzten saiatzen garenon existentzia ahul, baliogabe eta efimeroa. Gogorki loturik gauzkan kate horretatik ihes egitea ezinezkoa da, partidaren itzalak bizitzako egutegian xahutzen doazen orriak zeharkatzen baititu. 

Izurriteak bereganatu ditu urteko titularrik gehientsuenak. Egunerokoaren zirrikitu guztietatik sartu zaigu hezurretan beldurra. Sufritu egin dugu, azal propioan, auzokidearenean, kolektiboaren min garratzean. Arerio ikusezinaren indar neurrigabeak pareta artean gelditzera behartu gintuen udaberri sasoi betean. Leihoaren bestaldean bizitza loratzen, barrenean sentipenak zimeltzen, ezinegona areagotzen eta existentziaren ertzak ezbaian jartzen. Sozializaziorik gabe, garenaren adaxkak erortzen ari zirela zirudien. Planetak arnasa hartzeko probestu zuen etenean, ugari izan ziren itomen larria beren baitan sentitu zutenak. Kohesio gune ei diren guneetan lanean ziren mediku zein erizainak, ikastetxeetako irakasle zein ikasleak, langile publikoak, beren jarduna errotik zaildua, matxuratua izan zela atzeman zutenak. Hilabeteoi begiratuta zerbaiten irakaspena gorde behar badugu, elkartasunean bizi behar dugula azpimarratuko nuke, ez dadukanak ongi baitaki eukitzea zein den ona. Gehituko diot: dadukanak ongi baitaki zein den ona ezinduari eskua luzatzea.  

Gurean aitak utzi gaitu. Bakean eta itxaropenez, lehen aipatu dudan izate ahul bezain baliotsu horrek eta bere bizitzaren zertzeladek gure izate propioa hobeagoa bihurtuko dutenaren sinesmen osoz. Guri dagokigu orain bere etxea, aitaren sentipena defendatzea, kate hautsiezinean bidaiatu dezaten hain barneratuak zituen errespetuak eta laguntasunak. Paretan egutegi berria zintzilikatzerako, memoria ariketa egin ezazue, buruari galdetu pandemiak ez ote duen ezer onik ekarri. Ni baiezkoan nago, ispilu ilun bat aurrean jarri zaigun arren, ahultasunak ahultasun, bertan ikusi ahal izan baitugu maitasunaren handitasuna, elkarbizitzaren beharra, elkartasun olatua, altxor bat dela albokoaren begiradan zeure bizitza propioa dastatzea.  

Bizi naizenez, bizitza kantatuko dut!