Euskal Antzerki Topaketak 2020

Harrizko herrien goratzea

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2020ko aza. 13a, 09:16

Ignacio Arakistainek honako kronika hau idatzi du Euskal Antzerki Topaketen barruan atzo izan zen Tribiz, baserri galdue obraren inguruan.

Harri tzar bat erdigunean. Belaunaldi hainbaten igaroak ertzak limatu dizkion altxor milenario bat. Inguruan, harriaren bueltan dantzan, herria, etxea eta bizitza. Izan ere, harrizko herrien agerpen arestiarra ezin hobeto datorkio Jon Ander Urresti bermiotarrak atzo aurkeztutako piezari. Euskal gizarte ugaritan mitora jasoak, baserriak eta aintzinako hormen baitan ugaldutako bizitzari aurre egiteko moduak, instituzio mailara igo izan ditu beti. Oinordetzan jasotzen dira baserria zutik mantentzen duten habeak eta paretak, baina mendez mende ere eskuz eta gorputzez aldatzen da barnean duten arima ukiezina. Lekuek identifikatzen baikaituzte, babesleku bihurtzen ditugu eta sustraien luzera erakusten digute. Harriak erortzean, sortutakoa haustean, ordea, galdu egiten al da identitatea? Euskal folklorea abangoardiara eramateko bidean, ezin ditugu ahaztu sorlekuak, sorterriak eta Arestik zenbaitetan aipatutako gotorleku espiritualak.

Omenaldi moduan planteatzen du sortzaile gazteak bere familiaren ikur izan den Tribiz baserriaren izaera birsortzeko ondu duen antzezlan hunkigarri eta fin hau. Naturaltasunez, egiak eta bizipen pertsonalek asetzen duten sorkuntza beti izaten baita ondradua eta zintzoa. Galeran aurkitzen den etxe fisiko baten berreraikuntza espirituala du helburu protagonista beraren aiton-amonen hitzez josita dagoen piezak. Garai digital frenetikootan, arrotzak zaizkigun laboreak taulara ekarriz edota garaiko eliz abestiak modu gozoan abestuz, tempo geldoa inposatu zaigu ikusleoi. Dastatu dezagun patxadaz geure memoria propioak buruan eragin dezakeen poza, oroimena zein nostalgia. Denok baitugu etxe bat, hormen jabetza bat. Guztiok gara familia baten parte eta hariz loturiko tradizio boteretsu batzuen oinordeko.

Bizkaiera bizi-biziak eta baserri fiktizio hori bizitzaz betetzeko erabilitako elementuek, pertsonalitate handia ematen diote lanari eta ikuslea kontakizunean barneratzeko ahalmena dute. Idi parea batzeko uztarria, garaien aldaketek saihetsezina duten loturaren isladatzat; galbahea, urtez urte destilatzen doan esentziaren ispilu edota esne pitxarra, baserriaren pisuaren eta berau zutik mantentzeko egin beharreko lanaren analogia. Osagai aberatsak, harriaren gogortasuna hausten duen emozio konplize bat transmititzeko gaitasuna duen harrizko herrien goratze hau osatzeko. Arimak beti hor dirau, herri zahar honen izaerak jasandako suntsiketen arrastoen gainetik. Zorionak!