Hareazko gaztelua

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2020ko mai. 29a, 11:26

Jarria zait dantzan oinazpiko azala. Harearen sugar biziak abiadura bizitzen diete nire hanka geldoei. Itsasoaren mugimendu hipnotikoaz jabetzen naiz ostertzean, igaroak dira jada hainbat hilabete elkar ikusteko izan genuen azken aukera hartatik. Orain zita erromantikoaren kutsua hartzen diot garaian egun arrunta zenari. Metro parea mantendu nahian, toalla jartzeko metro karratu propioaren bila nabil. Jende ugari dagoenaren sentsazioa, bero gizatiarra. Paradisua zoragarritasuna galtzen hasia da, marearen puska ninia sentitzen naiz. Konkistatu dut azkenik itsasertzeko partzela kotizatuetako bat, olaturen batek irentsiko nauenaren beldurrak bertan oinak hondoratzeko segurantzarik ematen ez didan arren. Eseri naiz eta ireki dut Kawabataren liburu hasiberria. Ez da isiltasuna baino hitz boteretsuagorik. Hondartzan nago.

Deseskalatze faseak igarotzen goazen heinean, atzean uzten ditugun zailtasunen magnitudea galtzen ari garenaren sentsazioa dut. Bi astean irabaziak ditugu ia-ia bi hilabetez ukatu zaizkigun eremuak, betebehar eta lanak. Esfortzuaren eta kontzientziaren balioek ez dute prezio altua pandemiari loturiko munduaren merkatu mediokrean. Terrazetako jende andanaren irudi haiek edota begi aurrean dudan hondartzaren itxurak zer pentsatua ematen didate. Konfinamendu hasieran entzundako zenbait ahotsek aurreikusten zuten gizarte aldaketatik oso urrun gaudela iruditzen zait, normaltasunaren bueltak lehendik konpontzeke genituen matxurak azaleratu baititu. Indibidualtasuna eta albokoarekiko enpatia falta tailer errebisio edozeinetan atzemango lituzketen kiste ubelduak dira. Norbere etxera zuzenean iristen ez den gaitzak inoiz ez baitu gure sentipenengan eragin zitalik izango edota gure eguneroko normaltzat joa paralizatzeko moduko minik sortuko.

Gakoa, nire ustez, arazoak arrazionalizatu eta aztertzeko gaitasunean dago. Martxoko udaberri usaina zerioten egunetan inork gutxik esperoko zuen egunen igaroak ekarri diguna baina prozesuaren kudeaketan ikusi da ditugun segurantza ezei erreparatu behar diegula, krisialdi gero eta ugariagoak gainditu nahi baditugu behintzat. Supermerkatuetan orga ilara masiboak ikusi genituenean bezala, aire libre hesituari ateak ireki zaizkion unean, kalera etengabe ateratzeko antsietate hori kontrolatu ezina izan da zenbaitentzat. Gakoa lehendik egiten ez genituen ordu kopuruak ez xahutzean dago, barrako trenkada metakrilatatuaren atzean zelatari. Zentzua eta burua izatea bezalako labore zailik ez da, kaosaren pultsio karnala, aldeko eta kontrako ikuspuntuen kontrajartze hotz eta zuhurra baino erakargarriagoa baizaigu. Amildegiaren sakonerak eta ur jauzietako txirristen emozioak, ekintzen ondorioak lausotzera garamatza, egunetik egunera gehiago entzuten dugun birusaren berragertzeak indarra hartzen duelarik.

Kontziente naiz neu hondartzara etorri izanak orain arte idatzitako lerroetan eraikitzen joan naizen hareazko gaztelua zapuzten duela. Gehiengoaren erakarpen indar bortitzaren beste zantzu bat. Izututa noa etxera, gomendaturiko bi orduak pasa ostean. Itsasoaren freskotasunak garai hobeak gogorarazi dizkit, zain egon behar dugunaren konbikzioa. Hareaz beteriko oinak garbituz hondartzaren panoramika orokorra dut begi-bistan. Prest ote gaude kresal bako egunetara bueltatzeko, hondar gabeko balkoietan eguzkia hartzeko, toalla sofa inguruko alfonbra bategaz ordezkatzeko eta bañerako ur gezetan, plisti-plastan, murgiltzeko?