Urrezko arimak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko abe. 30a, 10:58

Badira zenbait aste ordenagailuko orri zuriaren aurrean jartzeke. Gabon bueltako beharrezko opor hauek iritsi artean izan da nahikoa lan eta buruko ideiak ordenatzen diharduten neuronatxo txikiek ere deskantsu bat erregutu didate azken boladan. Gaur, ordea, inozente eguna izanik, ohiko egunkari, irratsaio zein sare sozialetan atzeman beharreko gezurtxoak medio, berpiztu dira berriro nire barruko izaki kurioso eta jakin-min dun horiek. Gaurkoa egun historikoa izan da Azpeitiko herriarentzat, bere nortasunarentzat, herri izaera osatzen duten baloreentzat.

Berrogeita bost urtez hainbeste lan egin duen Iraurgi Saski Baloi taldeak Zilarrezko LEB mailako kopa irabazi baitu Gironako talde gogor, lehiakor eta maila handiko baten aurka. Aitortza lerroak irakurtzen dituzuenak, bada eta zer nabarmendua klub honen merituan eta ibilbidean. Betidanik mamitu izan dugu gure etxean saskibaloiarekiko pasioa, lehenik nire aitaren ahotik eta orain beronen eta nire anaiaren esperientziak ekarritakotik. Izarraitz pilotalekuan jokatzen zituzten partida haiei edota festetan erdi kalean jartzen zuten tabernari buruzko istorioak aise entzunak ditugu familian, beste hainbat eta ugariren artean. Askorako ematen baitute ia bost hamarkadek. Esfortzuek, momentu gazi-gozoek, joan-etorriek, poz malko eta negar sotinek bat egiten baitute bailara osoan eta Gipuzkoan zehar erreferentzi bihurturiko eragile handi honen bueltan. Duela bi denboraldi, esaterako, Espainiako saskibaloi ligetako bigarren mailan jokatzeko aukera ere izan zuen, berrogeita hamar mila biztanletik gorako probintzia hirietako talde mardulen aurka lehiatuz. Urrezko ametsa izan zen hura, merezia eta ongi gozatua.

Hiru hitzen inguruan hezur mamitzen da ISBko familiaren arima, nire ustez. Lehena, pasioa, egiten dutenarekiko eta jardun horrek sortzen dizkien onura eta pozekiko. Kate lana, bigarren hitz klabea. Gaur bertan, finalerako azken prestaketak kiroldegia hartzen zuten bitartean herriko plazan belaunaldi txikienei zuzenduriko partida eta txokolatada bat ere antolatzea erabaki dute. Azpeitiko plazan jolasean ibili diren ume horiek izango baitira taldearen etorkizun eta katean eginiko lanak erakutsiko die gaur gauean kantxan eta harmailetan ikusitako indarrak eta elkarlanak egiten dutela kirol, kultura edota gizarte talde bat handi. Eta azkenik, herrigintza. Azpeitia ez da ezer azpeitiarrik gabe. Eta azpeitiarrok ez gara ezer Iraurgi bezalako proiektu aberatsik gabe; tolerantzia, maitasuna eta laguntasuna batzen diren arku elemental horrek egiten baikaitu suntsiezin.

Inozente eguneko finala ez zen irabazi beharrekoa. Horrelako festa bat antolatzea bera, irabazle izaeraren sinonimo izan baita. Amaitzean joateko, nire zorionik beroenak familia handi horren parte sentitzen zareton guztioi. Jarrai jorratutako bidea, fruiturik gozoenak erortzear baitaude oraindik. Izan zilar, urre zein brontze, zuen espiritua beti izango da eredugarri eta zuen pausoek utzitako lorratzek adieraziko diete datoztenei egin zenutenak bazuela zentzua eta merezi izan zuela. Egurre ISB!