Zentro hutsa (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko aza. 13a, 11:30

Atzo publikatutako artikuluari jarraiki, Ciudadanos alderdiko buru izan denaren epitafio politikoa idazten segi nahiko nuke. Riverak, Ibex 35aren mutil mimatu izatetik, jostailu hautsi bihurtzera egindako bidea interesgarria baita, oso. Atzokoan nioen, esku-eskuan izan zuela gobernuburu izateko aukera, orain urrun bezain lauso atzematen den demokrazia garaiko lehen zentsura-mozio arrakastatsua gauzatu zen egun haietan. Jendea nekatuta zegoen Alderdi Popularraren agintaldiaz, korrupzio kasuek eta magnitude handiko krisi bat kudeatu behar izanak ondorioak ekarri baitzizkion Rajoyren guardia pretoriarrari. Azken urte horretako aurrekontu orokorrak aurrera ateratzeko, adibidez, esfortzu titanikoa egin behar izan zuten, azkenik EAJren babesa lortuz, inbertsio garrantzitsu batzuen truke. Sanchez ere ahuldua zen, ez baitzuen kongresuan eserleku propiorik oposizio-buru lanetan jarduteko. Anomalia arraroa ohizko egoera buruzagi sozialistaren kasuan, beste behin. Sanchez eta bere erresistentzia partikularra...

Gauzak horrela, hauteskundeak deitu izan baziren, laranja mekanikoa deitua izan zenak izango zukeen aginte makila. Alderdi Popularrak, ordea, denborak moztea erabaki zuen, eztabaidarako tarte txikia utziz. Orduantxe, Riverak bere urrezko garaia heldu zela ulertu zuen, eta ordura arte beraien botoak izan zituen gobernuari bere babesa ukatu zion. Alderdi Popularra arku parlamentarioan bakarrik utzi berri zuten, eta horrexek eman zion Pablo Iglesiasi mozioa aurrera ateratzeko mekanismoa martxan jartzeko bulkada. Begiak irekitzerako, fokua ez zuen bere baitan buruzagi laranjak, eta hori gutxi balitz, mozioaren kontra bozkatu zuen. Eskuin alderako biraketaren lehen kapitulu onartezina.

Gobernu berriak sortutako ilusioen beroan, udazkeneko inkestetan hirugarren postura jaitsi ziren Rivera eta lagunak. Hurrengo atala gertu zen, abenduan azken urte honetan izan dugun hauteskunde bira hasten baitzen Andaluzian. Eskuin muturrak hamabi eserleku lortu zituen, Susana Diazen ezkutatze-politikoa berretsi zuten hautetsi horietan. Berrogei urtez, alderdi sozialistaren bastioia izandako Sevillako San Telmo jauregian agintea izateko aitzakiarekin, berdin izan zitzaien Vox bezalako alderdi baten bozak beraienei gehitzea, eta kanpaina errelatu ezin hobea oparitu zioten Sanchez jaunari. Hori guztia baieztatzeko erabilitako Kolongo hiru eskubien argazkia gogoan dugu oraindik.

Erabakia hartua zen, eta zituzten indar guztiak eskuin alderdirik bozkatuena izatea lortzen inbertitu zituzten. Hori ere ia-ia lortu zuten arren, apirilaren 28an, Alderdi Popularraren makinariaren boterea bortitza dela jakinik, haien protagonismoa ukatu beharrean, beraiekin udal zein erkidegotako gobernuak adosten jarraitu zuten. Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon, etab. Uda iristerako, barruko pitzadura eta arrakalak publiko egin ziren, alderdia sortu zutenetako hainbatek liderraren estrategia ezin ulertuta, barkua utzi baitzuten. Uda luze egin zitzaion Riverari, eta hauteskundeak deitu baino egun batzuk lehenago, beste mugimendu berri batekin harritu gintuen, denak zur eta lur utziz, Sanchez jaunari bere abstentzioa eman ziolarik. Azken kapitulua, berriz, jakinekoa da. Joan den igandeko lur jotze izugarria.

Aurrera eta atzera emandako bueltek ondorio latzak izan dituzte Riverarengan. Beti izan da aldakorra Ciudadanosen boto-emailea, baina azken hilabeteotan ezin izan dute jakin nori edo zer proiekturi ematen zioten babesa beraien papertxoarekin. Nazionalismoaren aurka Katalunian jaiotako alderdiak ez du jakin izan historiak berarentzako gordea zuen papera betetzen. Ez ote zeuden prest? Bisagra alderdia izatea onartu izan bazuen, ezkerrera zein eskubira begiratzeko gaitasunarekin, gaur egun Espainiako gobernuaren parte izateko aukera handiak izango zituzkeen. Zentroak erre egiten baitu, hutsak ito. Muturretara goaz, 360 graduko bueltan muturrak elkar talka egiten dutela kontuan hartu gabe. Zaindu dezagun diskurtsoa, bada. Riveraren agurra, hala ere, txukun bezain eredugarria izan da. Ikas dezatela gainontzekoek.