Agur Iñaki!

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko urr. 8a, 20:20

Udazken koloreek egunsentia harturik, azken hatsa gaur Azpeitiko herriak izan duen musikaririk konprometituenetariko batek. 150 urte beterik bandak, gutxi ia zazpi hamarkada bertan igaro dituztenak, bakarra bera, ziur aski, isil-isilean hasi eta zuzendaritza lanetan jardun zein akademian hainbat herritar gazteri musikarekiko maitasuna helarazten eta transmititzen urteak igaro ondoren, asteartero zein ostegunero entseguetara joateko ilusioa bizirik mantentzen zuelarik. Felix eta biak asteroko errutina gozagarrian, entsegurako "afinatzen", berak zioen moduan. Gogora etorri zait bandako lokal berria irekitzear zenean berak zuen kezka. "Guri emango diguzue giltza ezta? Nik arratsaldetan joateko tartea hartuko nikek, pixkat entseatu eta…", zioen Unai zuzendariaren aurrean. Ilusioa lehen egunean bezala mantentzea izan da bere meriturik handienetarikoa, beti prest, gogoz betiere. Kostako da bai kontzertuetako bigarren lerroan Iñaki ez ikustea, faltako mahai inguruan kantari dotore zein ahaltsua, korua zuzenduko duen esku jakintsua eta eguna argituko dizun ahoan zintzilikatutako irribarre amaigabe hori.

Schubertek beti esan ohi du proiektu konpartitua izan zela bandan igaro zituen 22 urteetakoa. Iñakiren laguntza ezinbestekoa izan zitzaiola eta zerbait proposatuz gero, hark beti aurrera egiten zuela, inongo dudarik egin gabe. Beti positiboki begiratu erronkak, ihesik ez egin lanari, musika eta lagunartea uztartu. Horiek izan dira bere ezaugarriak.

Larunbatean izan nuen berarekin hitz egiteko parada; azkena, laburra baina musikari buruzkoa, nola ez. Han zegoen hain maitea zuen txokoan, udaletxe azpiko arkupeetan. Arratsalde horretan Schubertek eskaini behar zuen kontzertuari buruz galdetu nion. Joaterik ez zuela eta "hurrengoan, hi!" esan zidan. Hala da, Iñaki; igandean kontzertua entzutera etorriko zinela ziur izanik, zure oroimenean saiatuko gara dakigun musikarik ederrena egiten, musikak biltzen gaituen aldiro oroituko baitzaitugu. Agur eta ohore!