Bueltak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko ira. 20a, 16:49

Badoaz uda egunak, badoaz oporrak eta badator udazken gazi-gozoa, errutinara bueltatzeak dakarren nagia eta nekea eta udazken egunek duten magia berezia. Iraila hilabete berezia da, benetan. Egunerokora bueltatzea kosta egiten zaigu, txikle amaigabe bat bailitzan estiratuko baikenituzke eginkizunik gabeko egunak, deskonexio momentuak. Baina bestalde, gorputza beharrezkoa zaion erritmo naturala erreklamatzen hasten zaigu. Behar dugu aktibitatea, mugimendua. Hau guztia, zuhaitz hostoen erorketa progresiboa abiadura motelean pixkanaka martxan jartzen den bitartean. Azalez aldatzera doaz, mutatzera… Aldatu beharko genuke geuk ere azalez, noizean behin. Horretaz doa gaurkoa.

Errutinaren morroiak bihurtu garela zioen kanta hark. Garrantzitsua da egiten dugunari erreparatu, hausnartu eta berau gauzatzera bueltatzen gaituzten indarrak berritzea. Zilegi da egunak, hilabeteak, ikasturteak pasa ahala norbere jardunarekin gustura ez egotea, berau ez maitatzea, mimatzea eta esfortzurik ez egitea egunero zirrikitu interesgarriak bilatzeko errepikapen konstantean. Egunak elkarren imitazio zehatzak bihurtzen direnean ez da erraza motibazio hori topatzea. Opor ondorengo estres famatuak nigan izan duen eraginak bultzatuta idazten ariko naiz lerro hauek, seguraski, baina tristea iruditzen zait bueltarik ez ematea betikoari, inertziari, gure barnean tradizio bihurtu den horri.

Berpiztu beharra daukagu interesaren bonbila. Kuriositatearen usaina, ezagutza nahia eta jakinduria kolekzio asekaitza. Animatu gaitezen ohitura berriak geureganatzera, gogoko ez duguna ahanztera eta egin beharrari, egin nahi deitzera.

Iraileko aldapa pisutsu honi aurre egiteko nire gomendioetako bat, Donostiako Zinemaldia. Zazpi hamarkada betetzear den jaialdiak, jarraitzaile ugari dituzten aktoreen alfonbra arrosa komertzial zein hutsalez gain, publiko ezberdinei zuzendutako hainbat ziklo erakargarri ditu: Sail Ofizialera aurkezten diren film zein baino zein interesgarriagoak, Europako beste zenbait zine jaialditan aurkeztutako lanek osatzen duten Perlak Saila, Hego Amerikan landu eta sortutako pelikulek osatutako Horizontes Latinos sekzioa edota goi-mailako sukaldaritza eta zinema batzen dituen Basque Culinary Center-eko zikloa. Aukeratzen duzuena aukeratuta ere, asmatu egingo duzue ziur, pantaila zuria zeharkatzen duten istorio ugarik birplanteatuko baitizkigute gure bizitzari eman beharreko bueltak. Jolas ezazue bada.