Baloreen zaporea

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko abu. 21a, 00:36

Abuztuko eguzki printza eta hondartza egunek, gure inguruko herrietako festen usaina dakarte guztion gogora. Oporraldia aprobetxatuz, denok izan ohi dugu hara eta hona mugitzeko parada, ekitaldiz beteriko egitarau erakargarriek eskaintzen digutenaz gozatzeko asmoz. Hala ere, azken urteotan kolore beltzez zipriztintzen ari dira ekitaldi guzti hauek. Besteak beste, duela pare bat egun atera zen argitara Azkoitiko festetan gertatutako ezbeharra; uda honetan gertatutako askotariko beste bat, zorigaitzez. Zapore garratzak berriro ere denonak diren festetan.

Biolentzia matxistak utzitako orban beltzek, humanitatearen errealitaterik gordinenarekin konektatzen gaituzte berriro. XXI. mendeko gaitz handienetariko batekin, nire uste apalean. Balore faltak, gizarte gero eta indibidualistago honetan, norbanakoa besteekiko errespetu zein begirunerik ez izatera bultzatzen du eta norbere zoriontasuna bilatze faltsu zein pobre horretan ingurukoarena hondatzen saiatzen da. Balore faltak, gizakia immoralitate arriskutsura darama, urritasun intelektual zein kulturalera eta ankerkeria zitalera.

2003an Espainiako Gobernuak biolentzia matxista dela-eta hildako emakumeen kontaketa ofiziala jarri zuen martxan eta beronek ekainean zifra borobil bezain latza erdietsi zuen. Mila emakumeri lapurtu zaie bizitza azken urte hauetan inongo eskubiderik gabe, inongo zilegitasunik gabe. Asko dira oroimenean ditugun kasuak, beraien bortizkeriagatik baina guztiek dute zerbait amankomunean. Gizarteak beraien aurrean erakutsitako haserrea eta aldaketa nahia. Hamasei urte igaro ostean, iritsi ezinik dabilen aldaketa horri heldu nahi dio indar handiagoz lehengo urtean modu masibo batean berpiztutako mugimendu feministak. Gauza asko aldatu dira hamarkada eta erdi honetan baina borrokak berbera izaten jarraitzen du.

Sare sozialen garaiak ditugu hauek. Geure intimitatea inongo beldurrik gabe etengabe gizarte aurreko erakusleihoan ezartzen dugu eta populartasun nahi horrek norbere barnean landu beharreko desio, frustrazio zein baloreak erabat xehe, esploratu gabe uzten ditu. Hezkuntzaren papera, berriz, erabat garrantzizkoa da gizarteak emakumeari eman behar dion lekua ezartzeko garaian, izan ere, eskubide berdintasuna lortzeko edota kristalezko sabai entzutetsu hori apurtzeko, derrigorrezkoa da gizarteko gizon zein emakumeen partetik hori lortu nahi izatea; benetako sinesmena izatea horretan, ez baitute inongo baliorik manifestu busti, deklarazio huts edota protesta faltsuek. Horrelako gauzek egiten diete kalte berdintasun bilaketari.

Sinesmen hori ez da egun batetik bestera lortzen, zintzotasuna behar da horretarako. Kulturak eta hezkuntzak erakutsi behar die datozen belaunaldiei, pertsona pleno zein zoriontsu bat osatzeko, beharrezkoa dela beronen balioak lantzea. Zapore desberdineko baloreak, lantzeko ez errazak, baina aberatsak eta etorkizunera begira, behar-beharrezkoak. Pertsonen garapenak, emakume zein gizon, berdin baikara, lagunduko digu balore faltak sortutako arazoak konpontzen, biolentzia matxista kasurako.