Aulki-jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko abu. 7a, 01:53

Festa ondorengo ajea nola-hala irauli nahian, duela egun batzuk telebista aurrean jarri nintzen, bertan gertatzen zenari askorik erreparatu gabe. Zure aurrean gertatzen dena prozesatzen ez duzun momentu horietako bat; entzun egiten duzu soilik, ingurukoa jasan, interes eskasarekin. Segituan konturatu nintzen politikari buruz diharduten saio horietako bat zela begi aurrean nuena eta nola ez, uztaila amaieran izan zen Espainiako Gobernurako inbestidurari buruz hitz egiten ari ziren. Beno, gobernua osatzeko zenbait buruzagiren artean izandako aulki-jokoaz, hobe esanda.

Lau urteren buruan, laugarren hauteskunde orokorren bidean jarri nahi gaituzten egun hauetan, jendeak politikarekiko duen nekeari eta urruntasunari buruz lerro batzuk idatzi nahiko nituzke. Jendeak egunerokoan dituen arazoak jorratu beharko lituzkete kate pribatu zein publiko horietan etengabe eskaintzen dituzten debate merke zein iskanbilatsu horiek. Espainiako alderdi politikoek, ordea, haien lidergo makila daramaten pertsonen inguruan gero eta itxiago azaltzea erabaki dute eta horrek ez du anitz laguntzen beren ideiak eta zenbait postura aldatzerako orduan. Lurzoru politikoa erabat garrazten ari da eta hiritar soilak buruzagien arteko oilar borroka horien testigu ixil izatera bultzatzen gaituzte. Arazo pertsonalak, zeloak, haserreak... enplegua, hezkuntza edota osasuna baino garrantzitsuagoak direla ematen du. Modan baitago beto pertsonalak ezartzea, aukera ezberdinak deuseztatzea.

Damutuko zaie bai, Pedro Sanchez Espainiako alderdi sozialistaren buruari, zein Pablo Iglesias Podemoseko buruari, gobernu akordio bat itxi ez izana. Bientzat izango ditu ondorioak elkar ulertze ez nahi horrek. Alderdi eskuindarrak hauteskundeak amaitu ordurako gobernuko zereginak banatzen aritzen diren bitartean, Andaluzian edota Murtzian ikusi dugun moduan, ezkerreko alderdiek betidanik izan dute elkarrekiko mesfidantza eta beldurra. Elkarri botoak jatearen beldurra, hain zuzen. Gustura joko luke Sanchez jaunak Ciudadanoseko buruzagiengana, horien mozorro zentralista baliatuz, boto zakuak betetzeko beste argumentu baten bila. Nire ezkerrak ez dit laguntzen, eskubira jo beharko. Albert Riverak aspaldi erantzi zuen, ordea, mozorro elektoral hori. Gaur egun, bere apustua alderdi eskuindar bozkatuena izatera iristea da eta lan horretan jarriko ditu bere indar guztiak, bere alderdian horrek suposatzen duen higadurarekin, azken egunetan ikusi izan ahal dugun moduan. Alderdikide sortzaileak badoaz, enpresa munduko presioak...

Hamaika urte zeramatzan alderdi sozialistak hauteskunde orokor batzuk irabazi gabe eta Kongresuan inoiz izan den zatikatzerik handienarekin, boto kopuruan bigarren postuan gelditu den alderdiaren kopuru ia bikoitza lortu du. Hori dena horrela izan arren, komeriak gobernua eskuratzeko. Zentsura mozioan pare bat egunen bueltan adostu zutena, laurogei egunen bueltan ezin aurrera eraman. Alderdi Popularrak 2018ko maiatzean mozioaren eztabaidarako aste batzuetako tartea utzi balu, aurrera atera izango ote zen hura? Orain ikusten duguna ikusita, neure dudak ditut. Pablo Casadok ere lanak izango ditu bere alderdiak apirilaren 28an jasan zuen beherakadari buelta ematen. Korrupzioak eta krisi garaian gobernua zuzendu izanak, zauri sakonak eragin ditu orain arte eskuinean jaun eta jabe sentitu den Alderdi Popularrean. Konpetentzia atera baitzaie eta hori kudeatzea ere ez da batere erraza. Pedro Sanchezek badaki horretaz zerbait, begiratu ditzatela 2016ko hauteskundeetako emaitzak.

Eta hau guztia, Kataluinian gertatzen ari den guztia fondoko teloitzat dugula. Denak zain dira, udazkeneko lehen hostoekin batera buruzagi katalanen aurkako epaiketako sententzia noiz aterako. Guztiak izango du eragina eta alderdi nazionalisten botoa geroz eta garestiago jarriko zaio Sanchez jaunari. Bitartean, abuztuko eguzki eta hondartza egunek irailera arte lasaitasuna ekarri digute egunerako albistegi eta egunkarietara. Hala ere, mila bider entzun dugun udazken beroa gertu da eta gaur egun hain garrantzitsua den errelatuaren borroka benetan bizia izango da alderdi politikoen artean. Irabazle eta galtzaileen pelikuletan gertatzen denaren modura, hiritarren arazo ezberdinak konpontzeke dirauten bitartean, boterea lortzeko aulki-joko basatian arituko dira datozen hilabeteetan. Eta horren errelatuaz, hauxe baita garrantzitsuena gure egunotan.