Isiltasunaren pre(s/z)ioa

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko uzt. 29a, 01:33

Zer prezio ote du isiltasunak gaur egungo baloreen merkatu eskas zein estereotipatuan? Ba al du gizarteak pantailek eta berrien kontaminazioak ezartzen diguten erritmo frenetiko eta kirastuaren presioari aurre egiteko erremintarik? Gai horiei buruz dihardu Pablo Soraluze azpeitiar artistak Donostiako Alde Zaharreko Santa Maria baselizako museoan jarri berri duen erakusketak. Ostiralean, gorazarre egin genien hausnarketari, isiltasunari eta ezerezari, artista desberdinak batu zituen bilgune berezian.

Lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke, Pabloren lana goraipatzeko eta San Bizentera hurbildu ziren guztiei eskerrak emateko. Gaur egun, jendeak zure proposamena ikusi, entzun eta dastatzeko hartu beharra duen denbora eta atentzioa eskertu beharrekoak dira, ez baitakizu bigarren aukerarik emango dizuten, kontsumitzen dugun dena interesatzen ez zaigun momentuan zakarretara bidaltzen dugun garai zeken hauetan. Horregatik da interesgarria eta bisitatu beharrekoa azpeitiar artistaren erakusketa.

Zure eskutik, mendiruntz. Horixe da Gurutzeko Joan Donearen testu batean oinarritutako lan obren bilduma horren izenburua. Sei urtez osatu du egur trama, argi ezberdin eta itzalekin jolasten duen instalazio hau. Ostiraleko ekitaldian, kolekzio horretako hiru kaxa koloretsurekin lan egiteko aukera izan genuen. Bizitzan gozatu -edo jasan, nork daki- ohi ditugun sentimenduak hiru atmosfera desberdinetan irudikatu genituen, kaxa bakoitza isla independentetzat joaz. Maitasuna, dezepzioa, itxaropena, zalantza…Denongan dauden baloreak artetik irudikatuta, ixiltasunetik landuta, hausnarketan publikoari eskainita.

Plazer betea izan zen ideia eder hau errealitate bihurtzeko izan genuen artista taldea. Eskerrak Mireia Galarza eta Xanti Agirrezabalari, ezerezetik, keinu txikitik, hainbeste esateko ahalmena izateagatik. Berezia, hala nola, Juan Kruz Igerabideren kolaborazioa. Euskal kulturaren ordezkari nekaezina, idazle fin bezain sakona eta esperientzia igorle bikaina. Musikariei ere eskerrak eman beharrean naiz; Claudia Alduncin, Jon Imanol Etxabe eta Lucia Arzallusek sortu zuten munduak erretaula aurrean zegoen guztia ederki bildu eta osatzen baitzuen. Eta azkenik, eskerrak, Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibari, beraien laguntzak ekitaldiaren edertasuna biderkatu egin baitzuen.

Kultura gizakiok zaindu beharreko ondare bizia da. Ondare hauskorra eta harriz harri eraikitzen dena. Herriak zaindu beharreko harriak. Artea aldakorra da eta gizarteak inposatzen dizkion agindu eta olatuei aurre egin behar die. Pablo Soraluzeren lana horren erakusle garbia da eta denok gonbidatzen zaituztet Donostiara hurbiltzera, turista mareak zeharkatu ondoren, lasaitasunetik bere obra dastatzera, beraietan hustutzera, gure barnea aztertzera. Bertan izango baita zer hobetu eta baloratu.