Iñaki Segurolaren heriotza

Fedea

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Bengoetxea Otegi 2022ko mai. 8a, 09:00
Iñaki Segurola.

Idoia Bengoetxea Otegik Iñaki Segurola zenari idatzitako olerkia da honako hau.

Begira buztanikara saltoka, esan diat, zer parke polita den hau

Moko-begiak altxatuko al ditu noizbait, pentsatu dut, 

atzeko harritzar horiei 

erreparatuko al die 

Baina zer axola zaizkie txoriei basilikak 

eta basilikei txoriak 

 

Bost pastilla behar dizkinat lo egiteko, esan didak  

 

Jaikiko haiz, etorriko zaizkik bueltan indarra eta bizi-grina, esan diat

Zer maiztuak, hitzok! Geratzen ote da trapu koipeztatu bihurtu gabeko hitzik?

Aurrez esandakoen kable eroale bat naiz. Hodi linguistiko bat 

Eta hala ere 

ahoskatzean lur egin zaizkit, egia egin zaizkit 

Behinola nik entzunak 

nigana itzuli dira beste bati bota orduko, sinesteko moduko, 

lur errearen gainera eroritako elur geldoa 

bezain 

sendagarri 

 

Zein duk mendi horren izena, galdetu diat 

Ez dinat hil nahi, baina bai honekin bukatu, esan didak 

Eta nire begiak eskaini dizkiat hire negarrarentzat 

Akuifero bat nauk. Ur zikinen hodi bat 

Hire ordez bota dizkiat hik bota nahi eta ezinezko malkoak 

 

Erreka ondotik itzuli gaituk pasieran 

oraindik masailean dudala 

hire panazko kazadorak utzitako asteroide-marka 

Apetitua mantentzen duk, eta ez duk gutxi, esan diat 

Ez dinat irtenbiderik ikusten, esan didak 

eta txakur batek so egin ziguk, begiak udaberri 

 

Pintxoa goxo zegok, esan diat, gustura nagok hirekin 

Eta hala duk benetan 

 

Betiko galtzen banaun, akordatu hadi nitaz, esan didak 

 

Autobusez itzuli nauk herrira, etxera igo eta kandela bat piztu diat, hire alde

eskatzeko, denon alde eskatzeko,

ez zekiat nori