197/2006 doktrina indargabetzearen aldeko 1.406 sinadura bildu dira, bi hilabetean

Erabiltzailearen aurpegia Herrira 2013ko eka. 24a, 11:26
197/2006 doktrina indargabetzeko eta gure herritar Juan Karlos Arruti \'Paterra\' eta egoera berdinean dauden gainerako preso guztiak berehala aske uzteko eskatuz 1.406 sinadura bildu ditugu. 2013ko martxoaren 20tik maiatzaren 18ra bitartean egin da sinadura bilketa, herrian. \ \ Sinadura horiek, ekainaren 8an \'Paterra\' aurkitzen den Kordobako espetxera egin genuen elkartasun martxan espetxeko delegatu bati entregatzeaz gain, Azpeitiko udaletxera ere helarazi ditugu gai honekin lotutako mozio batekin batera. \ \ Aurrera begira Arartekoa, Auzitegi Konstituzionala eta Espetxe Zuzendaritzara ere helarazteko asmoa dugu, herritarron babesa oso garrantzitsua delako horrelako bidegabekeriei aurre egiteko eta beharrezkoa iruditzen zaigulako horrelako herri ekimenak aurrera eraman eta ahal den gehiena zabaltzea. \ \ Datozen ekimenetan ere, hala nola Erniarraitz Bertsozale Elkarteak babesten duen ekainaren 28ko azken ostiralean, eta uztailaren 27an burutuko den Herrira Egunaren baitan aurrera eramango den Herritarron Epaia ekimenetan ere parte hartzera animatu nahi zaituztegu guztiok. Azken horretan, Herritarron epaia deritzon liburuan, 197/2006 doktrinarekiko ahalik eta herritar gehienen desadostasuna agertzea da helburua. \ \ Besterik gabe eskerrik asko orain arte erakutsitako babesagatik, eta aurrerantzean ere bidelagun izango zaituztegulakoan, laster arte!